Bertsolari Txapelketa Nagusia 2022: Hirugarren txapela Maialen Lujanbiorentzat

Lehen eta azken saioa zuen txapelketa honetan, eta ez zuen hutsik egin. Maialen Lujanbiok txapelari eutsi zion atzo Nafarroako hiriburuko Nafarroa Arenan ospatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean. Hasi eta buka, bikain aritu zen hernaniarra. 2013ko finaleko argazkia errepikatuz, Lujanbiok Arzallusekin batera jokatu zuen buruz-burukoa; eta hauen atzetik gelditu ziren Aitor Mendiluze, 1507 punturekin; Sustrai Colina, 1495 punturekin; Alaia Martin, 1493,5 punturekin; Beñat Gaztelumendi, 1443,5 punturekin; Nerea Ibarzabal, 1435,5 punturekin; eta Joanes Illarregi, 1421,5 punturekin. Iñaki Muruak jantzi zion txapela Lujanbiori: hirugarrena, beraz, berarentzat.

Maialen Lujanbioren txapeldun bertsoa

Herriak ‘ta hizkuntzak

zuten norantzari

gai gehio lortu zaio

lehengo ardatzari

Eta munduak hartu duen

itxura latzari

Aurre egiteko, beraz,

lagun, altxa adi!

Bultza hainbat borroka

ederren martxari,

Kontrapisu eginez

eskuin balantzari

Txapela bete indar,

mingaina dantzari

Borroka irabazteko

desesperantzari.

Giroa bero, goizetik

Finala, aurreikusita zegoen moduan, 11:00en bueltan abiatu zen. Nafar hiriburuan nabarmena zen bertso giroa asteburu osoan zehar, eta atzokoan ere hala izaten jarraitu zuen goizeko lehen ordutik. Ateak goizeko 9:00etan ireki baziren ere, 7:30etik dagoeneko jende taldetxoak bazeuden Arenako inguruetan, antolakuntza lanetan laguntzen aritu ziren 350 langile bolondresetako batek Nafarroa Arenaren atarian adierazi bezala. 

Finalak “historikoa” izateko osagai ugari zituen: lehenego aldiz Iruñean, lehenengoz hiru emakume finalisten artean, lehenengoz nafar bat azken saio handian. Hala, zaleen artean zirrara eta urduritasuna nabarmenak ziren.