Ostegunean eta ostiralean olatu handien surfaren nazioarteko I. foroa egingo da Getxon

Foroa guztiz doakoa da, baina antolatzaileek izena aldez aurretik ematea eskatzen dute.

UNAI GANRADIAS /2019-11-11/ Big Wave Surf Forum olatu handien surfaren nazioarteko lehen foroa egingo Getxon (Bizkaia), Romo Kultur Etxean, azaroaren 14an eta 15ean, Punta Galea Challenge Europan jokatzen den olatu handien surf txapelketa bakarraren baitan, Getxoko Udaleko iturriek iragarri dutenez.

Foroa arratsaldeko 17:00etan hasiko da, azaroaren 14an, Punta Galea Challenge egiteko itxaronaldia aprobetxatuz, kirol ekitaldiko parte hartzaile entzutetsu bati egingo dioten elkarrizketarekin. Gainera, olatu handietako espezialista den Nathan Fletcher surfari kaliforniarraren azken filma estreinatuko da. Goizez, Sopelan, olatu handietako salbamendu lantegi bat izango da.

Azaroaren 15ean, 12:00etan, enpresen arteko topaketa bat izango da Getxolanen egoitzan, eta hiru aldiz munduko txapelduna izan den Twiggy Baker hegoafrikarra eta Big Wave Tour txapelketako sortzaile Gary Linden egongo dira bertan; biak ala biak olatu handien surfaren ikur eta enpresari dira.

Mahai inguru irekia Romoko Kultur Etxean

Halaber, 17:00etan, hitzaldiak eta mahai inguru ireki bat izango da Romo Kultur Etxean, ‘Olatu handien surfa gaur egun’ izenburupean, eta Twiggy Baker, Gary Linden, Natxo González sur[ari plentziarra, Pierre Rollet lapurtarra eta duela hilabete gutxi olatu handien munduko txapelketaren egoitza izan zen Nazaré hiri portugaldarreko alkate Walter Chicharro izango dira bertan.

Gainera, foroarekin batera, azaroaren 13tik 20ra, euskal kostaldeko eta, zehazkiago, Bizkaiko surfaren sorleku izan den Getxoko surfaren historiari buruzko argazki erakusketa bat egongo da ikusgai.

Foroko ekintza guztiak irekiak eta doakoak dira. Hala ere, edukiera dela eta, aurretik izena ematea gomendatzen da, puntagaleachallenge@gmail.com helbide elektronikora idatziz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude