Zinetxikik ehun film baino gehiago proiektatuko ditu Bilbon

Haur eta Gazteen Nazioarteko Zinemaldiaren (Zinetxiki) zazpigarren edizioa abenduaren 17tik 30era egingo da, eta ehun film baino gehiago proiektatuko dira. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, jaialdiaren zati handi bat Bilboko Deustu auzoan izango da. Deustuko Salestarren ikastetxean irekiko da eta Guggenheim Bilbao Museoan itxiko.

Jaialdiak, saio ofizialez gain, hainbat saio berezi ditu, EITBren eta Frantziako Institutuaren babesarekin. Horien artean, zinema eskoletako ikasleek egindako lanei eskainitako bat aurreikusi da.

Bi omenaldi
Aurtengo edizioan, jaialdiak bi omenaldi egingo ditu, bata haur eta gazteei zuzendutako euskal zinemari eskainia eta bestea zinema klasikoari, Itziar Madariaga artistak konposatutako zuzeneko musikaz lagundutako proiekzio baten bidez. Begira Elkarteak antolatzen du. Irabazi-asmorik gabeko elkartea da, eta zinemako eta ikus-entzunezko lan independenteak sustatzea, zabaltzea eta erakustea du helburu. Lan horiek proposamen berritzaileak, sortzaileak eta egungo gizartearen premiekin konprometituak dituzte.