‘Hala birala’, Gabonetan umeentzako tailerrak sare sozialak eta euskara uztartuz

Gabonak gainean daude, eta gaztetxoek oporrak ere izango dituzte. Bilboko Udalak, Azkue Fundazioarekin batera, ‘Hala birala!’ jarri du abian, Gabonetako doako eta euskarazko programa bat, 11 eta 12 urteko neska-mutilei zuzenduta, sare sozialetan edukiak euskaraz sortzen, editatzen eta partekatzen ikasteko, segurtasunez eta erraz. Tailerrak Euskararen Etxean garatuko dira, doan.

Ekimenaren helburua gazteek trebetasun berriak ikastea eta gaitasun berriak berenganatzea da. Ez hori bakarrik, baita euskararen erabilera sustatzea eskolatik kanpo, bere aisialdian. Modu horretan, bi alor jorratzen dira, gaur egun oso garrantzitsuak bilakatu direnak. Batetik, sare sozialak hobeto menperatu eta, bestetik, euskara jorratu.

Gainera, tailerrak doakoak dira. Modu horretan, familiei Gabonetako oporraldietan lan-bizimodua eta familia-bizimodua uztartzen lagunduko die. Programa lau tailerretan gauzatuko da, abenduaren 26an, 27an, 28an eta 29an, Euskararen Etxean, 09.00etatik 13.00etara. Egun bakoitzean lau talde sortuko dira hamar pertsonakoak, beraz, guztira,160 plaza izango dira, parte hartzea mugatuta dago, pertsona bakoitzak saio bakarrean parte hartuko duelarik, hartara, ahalik eta gazte kopuru gehienak izan dezan aukera.

Besteak beste, egungo joerei eta erreferenteei helduko zaie, eta bereziki nabarmenduko dira euskarazko edukiak elkarbanatzen dituztenak; halaber, edukiak sortzeko teknikak landuko dira, eta gogoeta kritikoa ere bai. Parte hartzeko, nahikoa da aldez aurretik izena ematea abenduaren 13ra arte.