
UNAI GANDARIAS /2019-11-11/ Tokikom toki komunikabideen bateraguneak azaroaren 15ean banatuko ditu azken urtean toki hedabideetan argitaratutako lanik onenak aitortzen dituzten Tokikom Sariak, Basauriko Ibaigane kultur etxean (Bizkaia). 2018ko edizioan ‘Geuriak’ Hego Uribeko toki komunikabideak irabazi zuen eduki onenaren saria, eta, hori dela eta, aurtengo edizioan bere eremuan izango da sari banaketa.
Tokikom Sarien laugarren edizioa da aurtengoa. “Toki komunikabide txikietan kazetaritza lan bikainak egiten dira sarritan, baina tokiko izaerak lan horien zabalkundea mugatzen du. Sari hauekin, toki komunikabideon lana ezagutarazi eta haren kalitatea aldarrikatu nahi dugu”, azaldu dute Tokikometik.
Horretarako, hiru sari banatzen ditu urtero: azalik onena, edukirik onena eta ikusentzunezkorik onena. Aurtengo epaimahaia Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Tania Arriagak eta Edorta Aranak eta HUHEZIko Amaia Pavonek osatu dute. Epaimahaiak nabarmendu du urtetik urtera “gero eta lan hobeak” aurkezten direla sariketara, eta “gero eta zailago” izaten duela azken erabakia hartzea.
Sariak banatzeaz gain, Tokikomek ekitaldia aprobetxatuko du euskarazko tokiko kazetaritzarekin lotutako gogoeta egiteko. Albiste faltsuek gertuko komunitatean duten eragina hartuko dute ardatz gisa, hainbat adituren laguntzarekin.
Zurrumurruen aurkako sarea
Alde batetik, ‘Maldito bulo’ hedabide digitalaren koordinatzaile Laura del Rio Leopoldok albiste faltsuen auziaren kokapen orokor bat egingo du. Ondoren, Euskal Herriko hainbat erakunde publiko eta GKE batzen dituen Zurrumurruen Aurkako Sarearen izenean, Irantzu Jauregik zurrumurruen aurkako lanean pilatutako esperientziaren berri emango du.
Halaber, Euskaltzaleen Topagunetik, Mikel Ozaitak euskarak bizikidetza sustatzeko elementu gisa duen balioa azaldu eta ‘Auzoko’ esperientziaz hitz egingo du. Gainera, hainbat toki komunikabidek albiste faltsu eta zurrumurruen esparruan izandako esperientziak, eta haietatik ateratako ondorio eta ikasbideak ere azalduko dituzte.
Tokikom toki komunikabideen bateragunea ari da ekitaldia antolatzen, ‘Geuria’ Hego Uribeko komunikabidearen laguntzarekin eta Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren, Bizkaiko zein Gipuzkoako aldundien eta Basauriko Udalaren babesarekin. Sarrera librea izango da, baina izena eman beharra dago azaroaren 12a baino lehen. Izen- ematea tokikom.eus/sariak/2019 webgunean egin daiteke.