“Mila bederatziehun eta hirurogeita hiruan hasi zen sexu-trukea” idatzi zuen Philip Larkin poeta ingelesak. Bere poemari izenburua eman zion annus mirabilis (mirarien urtea) hartan, D. H. Lawrenceren “Lady Chartterleyren maitalea” nobela eskandalagarriaren bi milioi ale saldu ziren, eta Beatlesek Please Please Me (Mesedez, emadazu atsegin) kaleratu zuten, beren bigarren elepea. Bien bitartean, Atlantikoaren beste aldean, ez ziren ez motz geratu. Betty Friedanek, psikologoa, etxekoandrea eta hiru seme-alabaren ama, emakume-aldizkarietan artikuluak idatziz handitzen zuen senarraren soldata, eta Feminitatearen mistika argitaratu zuen. Urtebete baino gutxiagoan, baby boomaren azken astindu haietan, eta pilula antisorgailua jada eskuragarri zegoela, saiakera subertsibo haren milioi bat ale baino gehiago saldu zituen. Emakume askoren atsekabea –eta haren ondorioak– atera zituen plazara, etxekoandrearen, idazkari arretatsuaren, maistra arduratsuaren edo erizain pairakorraren bizitza loriatsua beste xederik ez izateko ikuspegiaren aurrean. “Hori al da dagoen guztia?” idatzi zuen Friedenek. Airean zegoen galdera. Hasi besterik ez ziren egin feminismoaren bigarren olatua eta iraultza sexuala.
Kalean jada nabaritzen hasi zen etxeko tranpatik ihes egiteko dei hura, emakumeak klixeak hausten hasi baitziren. Horrek ez zion ihes egin Garry Winogranden begirada azkar eta ausartari, ohituta baitzegoen garaiko jende-astrapalada, hiriko antzoki iragarrezin hura, enkoadratzen. Leica kameran angeluzabal bat jarrita, eta dena irentsi nahian, New Yorkeko hiribideetan barrena ibiltzen zen judutar jatorriko argazkilari hura, 1928an jaioa eta Bronxen hezia, bere asmamena neurtzeko prest betiere, “argazkia ateratzean zerbaitek zer itxura izango zuen jakin nahian”.
Hala, 1960 eta 1975 artean, dokumentu bakar bat osatu zuen, eta bertan islatuta geratu zen emakume seguru, libre, errebelde, sentibera, alai eta eder batzuen sentipena. Bai, ederrak, “Emakumeak ederrak dira izenburu ona da liburu honentzat, hala direlako”, idatzi zuen argazkilariak 1975ean argitaratu zuen monografikoaren sarrerako testuan. Bazirudien une hartako gauzarik interesgarriena bilakatu zela emakumearen irudia, eta hantxe zegoen sen handiko argazkilari hura, bere kameraren aurrean berez agertzen ari zen iraultza hura atzemateko prest.
85 irudi geratu ziren liburuan bilduta. Lola Garrido Bildumatik datorren erakusketa honek aurkezten dituen berberak. Monografikoa, Farrar, Straus & Giroux argitaletxeak argitaratua, argazkilariak berak editatu zuen. Argitalpena polemikoa izan zen. Sektore feminista batzuen kritika eragin zuen, eta oraindik ere badirau, emakumea ‘objektibatzeagatik’ eta ‘esplotatzeagatik’ gaitzetsi egin baitzuten argazkilaria. Hala ere, Winogranden emakumeak ederrak badira, beren espazioa betetzen dutelako da, hain zuzen ere, haren jabe direlako, ez biktima. Egunaren argitan jantzita bainatzen ziren iturri batean; amazona-bularra zuen hegodun izakiaren jantziarekin ateratzen ziren parrandan; ezpainetan zigarroa estutzen zuten oinez zebiltzan bitartean; txutxu-mutxuka aritzen ziren bankuetan; zuhaitz baten itzalpean irakurtzen zuten; dantza egin eta gozatu egiten zuten seme-alabak zaintzen. Bazekiten zer ezkutatzen zuten, eta zer erakutsi nahi zuten erabakitzen zuten. Azken batean, bizi egiten ziren. Hori oso erakargarria zen bere garaiko begiradarik zorrotzenetako batentzat, eszenatokirik hutsalena formaren baieztapen indartsu bihurtzeko orduan. Enkoadratze alboratu zainduen bidez, hiriaren erritmoan aldatu egiten baitziren, beste emozio mota bat sortzen zuen argazkilariak, existentziatik esanahi berriak ateratzeko gai zena: “Argazkiak ateratzean bizitza ikusten dut. Eta horri egin behar diot aurre”, zioen.
Winograndek “afektu berezia zien ia kontroletik kanpo zeuden bere argazkiei; kaosaren gainean formaren garaipena prekarioa zen argazki haiei. Uste zuen argazkian agertzen zenak baino interesgarriagoa izan behar zuela argazki on batek, baina ez zion argazkirik ateratzen bizitzako gertaera gisa interesatzen ez zitzaion ezeri. Biziaren aldarrikapen anarkikoetatik eta sortzeko borondatetik zetorren arrakasta –argazki onenen bizitasuna eta energia–”, idatzi zuen John Szarkowskik, New Yorkeko Arte Garaikidearen Museoko argazki-zuzendari mitikoak. Artistak argazki-hizkuntza berridazteko izan zuen askatasun eta freskotasun hura ikusita, begirada ironiko bezain errukiorra erabiliz, bere belaunaldiko argazkilari garrantzitsuena zela esatera eraman zuen erakusketa-komisarioa.
Winograndentzat argazkia mutua da; batek ez daki egiazki zer gertatzen ari den. “Ongi deskribatzea” zen argazkilari gisa zuen erantzukizuna, erantzunik ematen ez zuen enkoadraketa baten barruan, giza komedia galdera harrigarrien eta kontraesan ugari eta zoragarrien bidez adierazten den esparrua. Hala, gero zer gertatuko den jakiteko irrikan egongo da beti bere obraren ikuslea.
Gloria Crespo MacLennan