Gaztelania erabiltzeko ohitura adin gero eta gazteagoan somatzen da

‘Udalerri euskaldunetako haurrak eta euskara’ izeneko ikerketaren arabera, haur eta gazteen artean gaztelania erabiltzeko ohitura adin gero eta gazteagoan somatzen da. Konklusio hau Soziolinguistika Klusterrak, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) eta Euskal Herriko Unibertsitateko DREAM taldeak elkarlanean zazpi herri euskaldunetan burututako lana da.

Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleen errealitatea hobeto ezagutzeko, ikasleez gain, eskola horietako zuzendaritzako kideekin, irakasleekin, gurasoekin eta herriko eragileekin egin da ikerketa. Aztertutako herrien diagnostikoa osatu da, haur horien hizkuntza praktiketan eragina duten 140 faktore identifikatuz, testuinguruko eremu ezberdinetan kokatzen direnak. Azterketako zazpi udalerrietatik bi gipuzkoarrak dira, beste bat arabarra, bi bizkaitarrak eta beste bi nafarrak; elkarren arteko aniztasuna bermatuz.

Herri horietako eskoletan ikusitako ezaugarrien arabera, hiru herri profil bereizi dira. Alde batetik, haurrentzako arnasguneak daude: haurrek euskararen erabilera oso handia dute eta hizkuntzarekiko lotura estua dute, etxeko hizkuntza edozein izanda ere. Bigarrenik, udalerri euskaldun tipoak daude. Haurren euskararen erabilera altua da, batik bat ikasgelan, baina euskara hutsean egiten duten familiak geroz eta gutxiago dira eskolan eta euskararen erabilera behera egiten ari da herrian. Herrian ez dago militantzia artikulaturik egoerari aurre egiteko. Azkenik, udalerri erasanetan gaztelaniaren erabilera nagusi da eta euskararen erabilera behera egiten ari da, baita ikasgela barruan ere. Euskara hutsean egiten duten familiak geroz eta gutxiago dira herrian eta ez dago militantzia artikulaturik egoerari aurre egiteko.

Orokorrean, euskara hizkuntza nagusia da ikasgelan, baina ikasgelatik kanpo bere erabilera gutxitu egiten da, eta eskolan gertatzen dena herrian gertatzen denaren isla da, baita helduen praktika linguistikoena ere.