Alaia Martin garaile Amurrioko finalaurrekoan

Orain arteko mailari eutsita, Alaia Martinek pauso handia eman du Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalera begira. Izan ere, larunbat arratsaldez Amurrion jokatu den finalerdian garaile izan da Martin 676 puntu biltzea lortu ostean; ariketa guzti-guztietan aurretik aritu da oiartzuarra. Amurrioko Bañueta kiroldegian jokatu dute finalaurrekoetako bigarren itzuliko lehen saioa eta 1.250 lagun bildu dira bertan.

Gaurkoan, Aitor Bizkarraren lana ere nabarmendu da eta bigarren egin du 651,5 punturekin. Hirugarren eta laugarren postuan berdindu dute Oihana Iguaranek eta Onintza Enbeitak (632,5). Agin Laburu bosgarren izan da (624 puntu) eta seigarren Miren Artetxe (595,5).  Beñat Vidal aritu da gaiak jartzen. 

Epaimahaia hurrengoek osatu dute: dira: Ainhoa Sarasua Lascaray, Aitor Jimenez Tolosana, Amaia Otxotorena Gamio, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, Mirari Azula Aurrekoetxea, Nerea Bruño Artazkoz eta Zigor Leunda Eizmendi. Idazkari lanetan Joxe Mari Altuna Berridi eta Itziar Basterretxea Olarreaga.

Finalaurrekoen lehen itzulian egindako puntuazioei batuko zaizkie bigarren itzuliko hiru saioetan zehar bertsolariek lortzen dituzten puntuak. Saio horiek denen amaieran puntuazio altuena lortzen duten zazpi bertsolariak pasako dira Iruñeko final handira eta, han, Maialen Lujanbio egungo txapeldunak osatuko du zortzikoa. 

Horrenbestez, gaurko saioaren ostean Alaia Martin da finalaurrekoetako sailkapenean lehenengo postuan 1.405,5 punturekin, bigarren da Aitor Bizkarra 1.329 punturekin, hirugarren Oihana Iguaran 1321 punturekin, laugarren Agin Laburu (1.301), bosgarren Onintza Enbeita (1.272), seigarren Miren Artetxe (1.240) eta zazpigarren Aitor Mendiluze, 726,5 punturekin. 

Hurrengoak, Baionan eta Bilbon

Bigarren itzuliko lehenengo saioa izan da gaurkoa eta beste bi geratzen dira: bata, azaroaren 26an Baionan jokatuko da; bestea, abenduaren 3an Bilbon. Sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.