Zientzia Asteak harrera bikaina izan du

Koronabirusaren pandemiak eragindako etenaldiaren ondorengo lehenengo Zientzia Asteak harrera bikaina izan du. Azaroaren 9tik 13ra bitartean ospatutako ekimen honen 22. edizioak 12.583 lagun bildu ditu bere lau egoitzetan. 5.645 bisitari baino gehiago izan ditu Bizkaia Aretoak, 2.613 hurbildu dira Bibat museora, 2.003 Tabakalerara eta Okendo Kultur Etxera eta beste 2.277 Barakaldoko Clara Campoamor Kultur etxera. Halaber, 3.000 ikasle inguruk gozatu dute Zientzia Asteko txoko zientifikoetara egindako bisitaldiez.

UPV/EHUren Zientzia Astearen edizio honetan 200 jarduera inguru antolatu dira. Zehazki, 43 txoko zientifiko egon dira ikusgai (18 Bilbon, 10 Gasteizen, 9 Donostian eta 6 online) eta bestelako 150 jarduera baino gehiago antolatu dira horrela banaturik: tailerrak (77 guztira), bisita gidatuak (15 baino gehiago), hitzaldiak, erakusketak eta lau ikuskizun zientifiko txikienei zuzenduta, bakoitza egoitza batean. Noski, Zientzia Club bakarrizketa zientifikoen programa arrakastatsua izan dugu aurten ere, zeina UPV/EHUren Zientzia Astea antolatutako lau hirietan ikusgai egon baita: azaroaren 10ean, osteguna, Barakaldon, 11n Gasteizen eta 12an, larunbatean, Bilbon eta Donostian.

7.000 lagun baino gehiago “Erakusketeko kamisetak: Garapen Jasangarrirako Helburuei buruz kontzientziatzeko irudiak” erakusketan

Azaroaren 9tik 13ra, 7.000 pertsona inguru hurbildu ziren Bilboko Bizkaia Aretora eta Barakaldoko Clara Campoamor gizarte-etxera, erakusketaz gozatzeko. Kamisetetan inprimatutako 108 irudi biltzen zituen erakusketa horrek, herritarren kontzientzia hartzen laguntzeko, gatazka- eta bidegabekeria-egoeren gizarte-eraldaketarako; eta Bilbon eta Barakaldon aurkeztu zen lehen aldiz, Zientzia Astearen eskutik.

Argazki Geologikoen Lehiaketa, Stat Wars: datuen matxinada eta on line jarduerak

Zientzia Asteko saio aurrez aurrekoaren ondoren, jarduera hauek egin daitezke oraindik:

  • Azaroaren 23ra arte, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleentzako XIV. Argazki Geologikoen Lehiaketan parte hartzeko epea zabalik egongo da.
  • Stat Wars: datuen matxinada. Izena emateko epea ireki da eta jarduera abenduaren 13an (asteartea) izango da Bilboko Bizkaia Aretoan (9:00etatik 10:30era, euskaraz, eta 11:00etatik 12:30era, gaztelaniaz). Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzenduta dago eta horiek parte hartzeko, aldez aurretik izena eman behar dute webgunean.
  • On line jarduera ugari egin daitezke oraindik (tailerrak, txokoak, jolasak…) ikasleentzat (Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa) eta irakasleentzat Zientzia Astearen web orrian. Hori guztia hainbat gairi buruz: robotika, kimika, hizkuntza, biodibertsitatea, mikrobiologia eta elikadura.