Olatz Salvadorren ‘Eraman nazazu’ bideoklipa, biluzten hastearen aldeko aldarria

Olatz Salvador kantautoreak ‘Eraman nazazu’ abesti eta bideoklipa kaleratu ditu. Nathalie Bejaranok errezitatutako Elvira Sastreren poesia bat hartzen du aintzat kantak, Ane Berriotxoak gidatu duelarik. Musikari donostiarrak bakardadean biluzten hastearen aldeko aldarria egiten du bertan, garai lehiakor eta indibidualistei zaintza kolektiboa bermatu behar zaiela gizarteratuz. Ikus-entzunezkoan Salvador hainbat ezagunekin ageri da ohe baten gainean etzanda, azpiko arropaz hornituta daudelarik.

Era berean, ‘Aho uhal’ diskoarekin martxan jarritako bira ixteko azken kontzertuak iragarri ditu gizpuzkoarrak. Bira honen azken musika emanaldia Donostiako Victoria Eugenia antzokian eskainiko du martxoaren 4an, aurretiaz abenduan Japonen jotzeko aukera izango duelarik Salvadorrek. Horrez gain, Euskal Herrian beste lau emanaldi emango ditu, hala nola, abenduaren 16an Bilbon eta urtarrilaren 6an, 7an eta 27an, Andoainen, Burlatan eta Gasteizen, hurrenez hurren.

Urte bete igaro da Olatz Salvadorrek bere bakarkako lehen diskoa kaleratu zuenetik, «Aho uhal» (2021, Airaka). Disko honen aurkezpenaren biraren baitan 70 kontzertutik gora eskaini izan ditu. Orain iritsi da Salvadorrentzat birari itxiera eta eskerrak emateko garaia. Testuinguru horretan, «Eraman nazazu» aurkeztu du. Salvadorren esanetan: «kontzertuok bereziak eta bakarrak izango dira, bertan hainbat gonbidatu izango dituelarik oholtza gainean».

Olatz Salvador musikari eta kantautore donostiarra dugu, Eduardo Salvador eta Iñaki Salvador musikarien alaba eta iloba, hain zuzen ere. Zenbait urtetan Skakeitan musika bandan ibili izan zen teklatua jotzen. 2014. urtetik aurrera, berriz, bakarlari bezala ibili izan da. Gitarrak lagunduta kontzertu akustikoak eskaini ohi ditu Salvadorrek.