Etxebarrik euskarazko Eskuko Hiztegia argitaratu du, kanpotarrei laguntzeko asmoz

Kanpotik datozenak traba ugarirekin aurkitzen dira. Ez bakarrak, baina nagusienetako bat, alegia, oztopo handienetako bat, hizkuntza izaten da. Etxebarriko Udaleko Euskara Zerbitzuak, Sail desberdinekin elkarlanean eta udalerriko Bizikidetza Batzordearen ekimenez , Eskuko Hiztegia argitaratu du herrian erroldatzen diren kanpotar biztanleei zuzenduta, kanpotik datozenei integrazioa errazteko asmoz. Eskuko Hiztegi honen helburua bikoitza da: etorkin direnek harrera herria hurbilago senti dezaten eta bestetik euskararen presentzia eta erabilera sustatzea.

Hauexek dira Eskuko Hiztegian kontsultatu ahal diren hizkuntzak: euskara (eta bizkaiera), gaztelania, ingelesa, frantsesa, portugesa, arabiera, txinatarra, errumaniera eta wolofa. Hiztegia paper formatoan banatuko da eta udalaren webgunean formatu digitalean kontsultatu ahal izango da. Argibide gehiago Arlo Soziokulturalean lortu ahal izango da: 94 426 70 05.

Eskuko Hiztegia zerbitzu desberdinetan izango da eskura, hala nola, Gizarte Zerbitzuan HAZn eta Arlo Soziokulturalean eta etorkinekin lanean aritzen diren zerbitzu eta elkarteetan: Harribide Fundazioan, Etorkin Gazteak Hartzeko eta Laguntzeko Proiektuan, Helduentzako Hezkuntza Zentroan (HHI), euskaltegian etabar.

Kanpaina honetan parte hartu duten udalerriak honako hauek dira: Abanto-Zierbena, Amorebieta-Etxano, Berango, Elorrio, Ermua, Etxebarri, Gernika-Lumo, Leioa, Lekeitio, Ortuella eta Zaldibar. Koordinazio lan a Alkarbidek burutu du, hau da, Bizkaiko Euskara Zerbitzuen Bilguneak.