Gizonezkoen izu handietakoa da: zakil altxaeraren disfuntzioa, “inpotentzia” ere esaten zaiona. Sexu-harreman egokia ahalbidetuko duen erekzioa lortzeko edo mantentzeko ezintasun iraunkorra da. Beste arazo sexual batzuetatik bereizi behar da, hala nola desiorik eza, eiakulazioaren alterazioak (eiakulazio goiztiarra, eiakulazio atzeratua eta eiakulaziorik eza) edo orgasmoaren trastornoak. Erekzioaren disfuntzioa ez da gaixotasun bat, sintoma bat baizik. Ohikoena adineko gizonei eragitea da, baina, egia esan, badirudi gero eta ohikoagoa dela gazteen artean.
Beste sintoma batzuen antzera, bi jatorri nagusi izan ditzake: jatorri fisiologikoa, batez ere, arazo kardiobaskularrekin lotutako patologiak, eta jatorri psikikoa. Gizon gazteen artean, batez ere arazo psikologikoei erreparatu behar diegu: kasu horietan, zakilak ez du inolako alterazio fisikorik izaten; eta antsietateak (erekziorik ez lortzeko edo kideari huts egiteko beldurrak eragindakoa), depresioak, bikotekidearekin izandako arazoek eta estresak eragiten dute erekzio eskasa edo erekzio eza.
Arazoa pairatzen dutenengan eragin handia du, autoestimuan asko eragiten duelako. Laneko, gizarteko edo familiako arazoekiko gehiegizko kezkak ere bizitza sexualari beharrezko arreta ez eskaintzea ekar dezake. Nekeak, gogorik ezak, ariketa faltak, insomnioak, ikasketetako edo laneko porrotak ere sexu-erreflexuak desorekatzen dituzte.
Disfuntzioa gainditzeko, medikuarengana jo behar dugu laguntza egokia jaso ahal izateko. Medikuak gure egoeraren ebaluazioa egingo du, eta ziurrenik lehen urratsa psikologoarekin hitz egitea izango da, beste edozein tratamendu hasi aurretik.