Berdintasuna goi-zuzendaritzan

EBk 2026tik aurrera burtsan kotizatzen duten enpresak behartuko ditu goi-zuzendaritzako postuen % 40 gutxienez ordezkaritza txikiena duen sexukoak izatera, emakumeen mesedetan.

Genero-parekotasunak aurrera egiten jarraitzen du, eta, azkenik, badirudi Europako enpresen erabaki-maila gorenetaraino iritsiko dela. Europar Batasuneko Kon­tseiluak oniritzia eman dio Europako zuzentarauari. Horren arabera, 2026tik aurrera, hogeita zazpi herrialdeetako enpresek nabarmen igo beharko dute emakumeen kuota burtsan kotizatzen duten sozietateetako administrazio-kontseiluetan.


Zuzentaraua Europako Parlamentuak onartu behar du oraindik, eta, ondoren, estatu kide bakoitzeko legedi nazionalera ekarri behar da. Zuzentarauak ezartzen duenez, 2026rako, enpresa kotizatuetako administratzaile ez-exekutiboen, hau da, “CEO” ez direnen % 40k, gutxienez, ordezkaritza txikiena duen sexuko kideak izan behar dute. Sexu jakin bati erreferentzia egiten ez badio ere, historikoki emakumeak dira enpresa handietan kristalezko sabaiarekin talka egiten jarraitzen dutenak, beste arlo askotan bezala. Enpresek erabakitzen badute arau berriak zuzendari exekutiboei ere aplikatzea, eta ez soilik ez-exekutiboei, helburua administra­tzaile lanpostu guztien % 33tan finkatuko da.


Arau berriek lagunduko dute emakumeek beren karreran sarritan aurre egin behar dieten oztopoak ezabatzen, adierazi du Marian Jurecka Txekiako Gobernuko presidenteordeak; herrialde horrek du EBko txandakako presidentetza orain. Txekiako Lan eta Gizarte Gaietako ministroaren ustez, neurri berri honen ondorio positiboak ekonomia nazionalen maila guztietan nabarituko dira.


Europar Batasuneko sentimendu partekatua da aspalditik. Izan ere, ildo horretako zuzentarau baten ideia duela hamarkada bat hasi zenetik –lehen proposamen formala 2012ko azaroan aurkeztu zen–, EBk formalki onartu du emakumeek lan-merkatuan parte-hartze handiagoa izatea fun­tsezkoa dela hazkunde ekonomikoa bultzatzeko, Europako enpresen lehiakortasuna hobetzeko, eta kontinenteko erronka demografikoei aurre egiteko.

Zuzentarau berriaren arabera, parekotasun-helburu horiek bete­tzen ez dituzten enpresek beren hautaketa- eta izendapen-prozesuak egokitu beharko dituzte, bidezkoak eta gardenak izango direla bermatzeko, eta hautagaien konparaziozko ebaluazioan oinarritzen direla ziurtatzeko, modu neutralean formulatutako irizpide argietan oinarrituta. Araudi berriaren gakoetako bat da, enpresa batek gaitasun bera duten bi hautagairen artean aukeratu behar badu, ordezkaritza txikiena duen sexuko hautagaiari eman beharko diola lehentasuna.


Zenbait herrialde, Frantzia, esaterako, dagoeneko urrats garran­tzitsuak ematen ari dira. Frantziako Senatuak 2021eko abenduan eman zion azken oniritzia enpresa handietako zuzendaritza-kontseiluetan parekotasun-kuotak ezartzeari: 2027ra arte, mila langile baino gehiago dituzten enpresetako buruen % 30ek, gu­txienez, emakumeak izan beharko dute, eta 2030erako, zifra hori % 40ra igo beharko da. Beste muturrean Estonia dago, non administrazio-kontseiluetako postuen % 10 baino gutxiago betetzen dituzten emakumezkoek.