MUSTSEE proiektuaren helburu nagusia da Europako hainbat eskualdetako gazteen artean kooperatibismoa ezagutaraztea, horri buruz sentsibilizatzea, sustatzea eta trebatzea, ekintzailetza-eredu gisa. Era berean, kooperatibismoaren balioetan (pertsonak, parte-hartzea, kudeaketa demokratikoa, lankidetza eta gizarte-inpaktua) oinarritutako prestakuntza komunaren bidez haien garapen profesionala sustatu nahi du. Iruñean izan zen topaketan Nafarroa, Italia, Frantzia eta Portugalgo gizarte ekonomiako ordezkariak izan ziren.
Nafarroako Administrazio Publikoko Ikastetxeak hartu zuen bilera, eta Europako hainbat erakundek ez ezik, Nafarroako Gizarte Ekonomien Enpresak eta Foru Gobernuak ere parte hartu zuten. Jardunaldi hau proiektu honen bigarren topaketa teknikoa da, eta EBn kooperatibismoaren alde egiten duen gazteentzako online prestakuntzaren metodologia eta edukiak definitzea ahalbidetu du.
Topaketara bertaratutakoek –Europako hainbat eskualdetatik etorriak– Europako gazteen artean kooperatibismoaren arloan lan-sareak sortzearen garrantzia azpimarratu zuten, Europan kooperatiba-sarea indartzeko eta belaunaldi berriak kooperatiba sortzeak dakartzan abantailez kontzientziatzeko, kooperatiba osatzen duten kide guztien arteko berdintasun- eta ekitate-balio eta -printzipioetan oinarrituta. Enpresa-eredu horren arabera, pertsonak beren borondatez antolatzen eta elkartzen dira jabetza bateratuko eta demokratikoki kontrolatutako enpresa kooperatiboetan, beraien beharrizan eta asmo ekonomiko, sozial eta kulturalei aurre egiteko.
Horrela, Italiaren aldetik, Pordenoneko Udaleko eta Fruili Venezia Guilia eskualdeko Osasun Mentaleko Partzuergoko zenbait ordezkarik parte hartu zuten, gizarte-ekonomiako erakunde gisa. Era berean, Frantziatik Gargesko Udalekoak etorri ziren –Parisko metropoli-eremuan dago–, eta Portugalen ordezkari gisa Cascaiseko Udal Ganberak eta Lisboako eskualdeko Teknologia, Osasuna eta Hezkuntza Garatzeko Elkarteak hartu zuten parte.
Nafarroako ordezkari gisa –topaketa bertan izan zen–,Nafarroako Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusi Izaskun Goñi bertaratu zen, eta azaldu zuen “MUSTSEE proiektua Gizarte Ekonomiako Plan Integralaren barruan dagoela, eta plan horretan foru gobernuak eta gizarte ekonomiako familia guztiek lan egiten dutela”. Halaber, zuzendari nagusiak nabarmendu zuen Foru Erkidegoa gizarte-ekonomiaren arloan egiten ari den lana eta bere eredua Europako gainerako eskualdeetara nola esportatzen ari den. Gainera, nabarmendu du Nafarroa Gizarte Ekonomiako Negozio Eskola baten eraketaren buru ere badela, Europako beste eskualde batzuekin lankidetzan.
Lankidetza publiko-pribatua
Antonio Martínez de Bujanda Nafarroako Gizarte Ekonomien Enpresak erakundeko zuzendariak azpimarratu zuenez, “topaketak gazteak kooperatibismoan trebatzen lagunduko du, eta, aldi berean, Europara zabalduko dira, eta tokikotik haratago doazen proiektuak garatzeko gaitasuna izango dute, ekintzailetza-gaitasuna eta etorkizuneko enplegagarritasuna handitzeko”.
Hori lortzeko, ekimenak storytelling metodologia digitalak eta teknikak erabiliko ditu. “Proiektuaren elementu bereizgarri bat da Nafarroako Gizarte Ekonomiaren helburu estrategikoetako bat sustatzen duela, hots, tokiko edo eskualdeko agintarien eta lurralde horietan jarduten duten erakundeen arteko lankidetza publiko-pribatua”, gehitu du Nafarroako Gizarte Ekonomien Enpresak erakundeko zuzendariak.