Txina munduko herrialderik populatuena da, 1.400 milioi biztanle inguru baititu. Gainera, bigarren potentzia ekonomikoa da, Estatu Batuen atzetik. Horren ondorioz, nazioartean garrantzi handia izan du urriaren erdialdean hasi zen Txinako Alderdi Komunistaren XX. Kongresua. Bertan, Xi Jinping presidentea hirugarren aldiz berretsi dute Alderdiko idazkari nagusi gisa, eta giza eskubideen eremuan lanean diharduten erakunde guztien artean kezka piztu da; izan ere, Xi Jinpingek boterea hartu zuenetik areagotu egin dira adierazpen-askatasunaren aurkako jazarpena eta zigorrak. Txina da, gainera, giza eskubideen urratzaile handienetako bat da mundu mailan.
Aldez aurretik adostuta zegoen moduan, Txinako Alderdi Komunistaren 20. Kongresu Nazionalean, Xi Jinping presidentea hirugarren aldiz berretsi dute Alderdiko idazkari nagusi gisa. Eta, hori dela eta, Hana Youngek, Ekialdeko Asiarako Amnesty Internationaleko zuzendari laguntzaileak, honakoa adierazi du:
“Xi Jinpingen hirugarren agintaldiaren baieztapena gertakari kezkagarria da, ez bakarrik bere gobernupean giza eskubideen urraketa larriak jasan dituzten milioika txinatarrentzat, baita Txinako gobernuaren errepresioaren eragina sentitzen duten mundu osoko pertsonentzat ere”.
Xi presidentea boterean egon den hamar urteen ezaugarri nagusiak hauek izan dira: atxiloketa arbitrario ugari, herrialde osoan adierazpen eta elkartze askatasunaren errepresio gupidagabea, Xinjiang eskualdeko musulmanen aurka egindako gizateriaren aurkako krimenak, eta Hong Kongen izandako errepresio igoera ikaragarria.
Xiren gidaritzapean, gobernuaren politikak eta praktikak eskubideentzat mehatxu dira, ez bakarrik Txinan, baita mundu osoan ere. Gobernuak atzerrian uigurren nahitaezko aberriratzea isilarazteko eta lortzeko egin zuen kanpainatik hasi, eta Nazio Batuetan giza eskubideen esanahia birdefinitzeko saiakeretaraino, Txinako Estatuaren beso zapaltzailea herrialdearen mugetatik gero eta urrunago hedatzen ari da.
Eta, giza eskubideen aldeko aktibistak, abokatuak, kazetari independenteak eta giza eskubideen defendatzaile txinatarrak gauza bera (edo okerragoa) pairatzeko prestatzen ari diren bitartean, nazioarteko komunitateak ahaleginak areagotu behar ditu hurrengo bost urteak desberdinak izan daitezen. Ez dago aitzakiarik Txinako agintariei erantzukizunik ez eskatzeko egindako ankerkeriengatik.
2018an, Xi Jinpingek konstituzioaren erreforma bat egin zuen, herrialdeko lehendakaritza hartzeko bi agintaldiren muga ezabatuz. 2017az geroztik, Xik bere boterea sendotu eta kontzentratu du, Xi Jinpingen pentsamendua Alderdiaren eta Estatuaren Konstituzioaren zutabe gisa sartuz, eta ustelkeriaren aurkako kanpaina baten bidez egindako aparatu politiko eta juridikoaren purgen bidez. Xi Jinpingek, aldi berean, Alderdiaren, Armadaren eta Estatuaren kontrola ematen dioten hiru postu betetzen ditu: Txinako Alderdi Komunistako idazkari nagusia, Alderdiko Batzorde Militar Zentraleko presidentea eta Txinako Herri Errepublikako presidentea da.
Bere lehendakaritza 2023ko martxoan berretsiko da ofizialki, Herri Batzar Nazionalean.
Txinako gobernuak zentsura areagotu ohi du politikoki delikatuak diren uneetan, hala nola Alderdiaren bilera handietan. Irailean, Ziberespazioaren Administrazioak beste operazio bat iragarri zuen Internetetik zurrumurruak eta gezurrak ezabatzeko. Urriaren hasieratik, handitu egin dira Gobernuak zentsurari iruzur egiteko tresnak –hala nola VPNak– debekatzeari buruzko informazioak.
