Garbiñe Mendizabal Tolosan jaio zen, baina 6 urterekin aitak Zaldibian zuen baserrira joan zen bizitzera. Euskal Filologia ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean eta, ondoren, hizkuntza plangintzako Hiznet graduondokoa burutu zuen. Alderdi politikoari dagokionez, Zaldibiako zinegotzia izan da bi legegintzalditan, 1991-1995 eta 2009-2012 urteetan, Gipuzkoako Euskara zuzendaria 1991-1995 bitartean eta Euskararen Aholku Batzordeko kidea 2007tik. Eusko Alderdi Jeltzaleko legebiltzarkidea izan da 2009tik 2018ko urtarrilera bitartean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako Zuzendaritza berriz hartu zuenean.
UEMAk, udalerri euskaldunen Mankomunitateak, eta Soziolinguistika Klusterrak egindako ikerketa baten arabera, euskararen erabilera jaisten ari da euskaldun-hiztun kopuru handiak dituzten herrietan. Zergatik joera hori?
Ez da hori toki guztietan gertatzen; esate baterako, Tolosako kaleetan gehien entzuten den hizkuntza euskara da, 2017ko datuekin alderatuta, erabilera % 4 gehitu da. Hala aitortu zuen SLKk berak, gero herriz herri xeheago aztertzerakoan, txanponaren bi aldeak daudela ere ageri da. Herri handienetan eta erdaldunagoak direnetan, erabileran igoera izan den bezala, herri euskaldunagoetan, arnasgune deitzen zaien horietan (euskararen ezagutza % 80tik gora denean), oro har, beherakada nabaritzen da. Arrazoia normalean ez da bakarra izaten. Udalerri euskaldunen eta arnasguneetan garbi ikusi da mugikortasun handia izan dela, bai nondik jaso dituzten biztanleak herri horietan eta bai zer hizkuntza-ohiturak izan dituzten. Kultura-kontsumoa ere faktore garrantzitsua da, migrazioek ere badute bere eragina, lehen hizkuntza euskara duten herritarren kopurua ere jaitsi egin da eta horrek eragin nabarmena du erabileran.
Txosten horretan gazteen hizkuntza-joerak ere aztertu dira, eta udalerri euskaldunetan gazteek gehienbat gaztelaniazko edukiak kontsumitzen dituztela jasotzen da.
Hizkuntza gutxitua den aldetik, euskarak erronka handiak izan ditu eta izango ditu globalizazioaren ondorioz. Teknologia berrien bilakaera hain da azkarra, ezen berehalako erantzuna ematea erronka baita. Gure gazteek gaztelaniazko edukiak kontsumitzeaz gain, eleaniztunak diren heinean, erakargarri zaien guztia kontsumitzen dute, hizkuntzari gehiegi erreparatu gabe, eta hor mugitu behar dugu gure hizkuntzak ere leku bat izan dezan eduki erakargarrien sorkuntzan eta sustapenean.
Gipuzkako Foru Aldundiak euskarazko egitasmoak, aldizkariak eta beste jarduera asko garatzen laguntzen ditu diru-laguntzen deialdien bidez. Uste duzu nahikoa dela gure lurraldean euskararen presentzia sustatzeko eta sendotzeko?
Gipuzkoako Foru Aldundiak bere proiektu estrategikoan ezarrita dauka, lehenetsita, euskararen erabilera bultzatzea, bai Gipuzkoako Foru Aldundian, bai lurraldeko gainerako eragileekin, hizkuntza-aukerak berdintzeko eta hiztunen arteko berdintasuna sustatzeko. Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritzak, berriz, helburu zehatzagoak ere jasotzen ditu:
1) Gipuzkoako Foru Aldundian euskara ohiko zerbitzu-, lan- eta komunikazio-hizkuntza izan dadin abian dauden programak indartzea eta hobetzea.
2) Udalekin, hizkuntza sektorearekin eta Gipuzkoako eragile nagusiekin elkarlanean jardutea, politikak lerrokatzeko eta pertsonen hizkuntza aukerak berdintzera bideratutako proiektuak partekatzeko.
3) Berrikuntzarako jarritako baliabideak indartzea, hainbat ikerketa-lerro abiarazteko: hizkuntza ulertzeko metodologia bizkorra, autoritate tekniko bat diseinatzea, enpresetako hizkuntza planetarako neurri fiskalak, 10-16 urteko segmentuan euskararen erabilera sustatzeko plan sistematikoa.
“Euskara ikasi duten pertsona askoren ereduak eta ahaleginak daude”
Hemen dugu Euskaraldia dagoeneko. Ekimen eraginkorra al da euskararen erabilera areagotzeko?
Euskararen erabilera sustatzea dagokigun zeregina izanik, bai GFAn bai lurraldean, Euskaraldiak aukera paregabea eskaintzen digu erabilerarako jauzi hori egonkortu eta sakontzeko. Tresna bikaina da, eta une honetan, gure erakundeak eta lurraldeak dituzten datu soziolinguistikoei esker, Euskaraldian lortzen diren erronkak egonkortzeko ahalegina egin nahi dugu, hamabost egunetan lortutakoa nolabait finkatuta gera dadin.
Zein iritzi duzu Espainiatik etorri zaizkigun azken epaiei buruz, euskara lan-eskaintza publikoetan eskatzea diskriminatzailetzat jotzen dutenak edo euskara ikastea oso zaila dela diotenak?
Jaurlaritzako bozeramaleak, Bingen Zupiriak esan zuen moduan, epai horiek ez dute aintzat hartzen 40 urteotan administrazioetan egin diren bidea eta lana. Erabaki horiek hizkuntza eskubideak urratzen dituzte, argi eta garbi; legeak aitortzen ditu gizartearen hizkuntza eskubideak.
Euskara oso zaila dela dioen adierazpena, guztiz mitoa bilakatu da eta badira euskara ikasi duten pertsona ugariren eredu eta ahaleginak, esaldi hori ez sinesteko. Iritzi guztiz interesatua dela iruditzen zait.
Hezkuntza hirueleduna abian jartzeak kalte egin diezaioke euskarari?
Hizkuntza-gaitasuna lortzeko, eskolak bere zeregina du. Eskolak bere araudi eta plangintza propioa du. Baina ezin da ahaztu hizkuntza ikasterakoan hainbat faktorek eragiten dutela eskolaz kanpoko haur eta nerabeengan. Horregatik, eskolatik haratago doan euskarazko ekosistema oso bat antolatu beharko litzateke, eskolatik kanpoko euskarazko ekosistema bat sortu (hezkuntza harreman formal batekin), eta herri batean zeregin hori duten eragileekin batera, udalarekin, aisialdian eta kirolean lan egiten duten eragileekin, gurasoekin eta abarrekin batera.