Film bilakatu diren eleberriek beteko dute Donostiako literatura jaialdiaren programazioaren zati garrantzitsuena. Eduardo Mendoza, Abdellah Taia eta Katixa Agirre idazleek hartuko dute parte, besteak beste.
Literaktum Donostiako literatura jaialdiak literatura eta zinema uztartuko ditu azaroaren 14tik 27ra, eta idazle, gidoilari eta zinema zuzendariei emango die hitza, horrenbestez: Eduardo Mendoza, Lorenzo Silva, Jesus Carrasco, Abdellah Taia, Gabriela Ybarra eta Angeles Gonzalez-Sinde El comensalen idazlea eta zuzendaria hurrenez hurren, baita Miren Gorrotxategi (33 ezkil eleberria Hil kanpaiak bihurtu zen zineman) eta Jon Arretxe ere.
Literaturaz eta zinemaz haratago, beren lan berriez arituko dira Hector Abad Faciolince, Isaac Rosa, Maria Oruña, baita Iban Zaldua ere. Pio Barojaren jaiotzetik 150 urte eta Juan San Martinenetik 100 urte pasatu direla eta, euskal idazle horien bizitzari buruz hitz egingo dute.
Parte hartuko dute, halaber, Pello Lizarraldek, Katixa Agirrek, Itxaro Bordak, Miren Agur Meabek, eta Lander Garrok, Andoni Egañak eta Eli Pagolak, azken hiru horiek Faith bertso saio literarioan.