Zeinu hizkuntzan egindako saio bat eskainiko du ZINEBIk

Datorren ostiralean, azaroak 11. ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren edizio berri bat hasiko da berrikuntza ugarirekin. Nabarmengarrienetariko bat, zeinu hizkuntzan eskainiko den ‘Islatutako keinua. Zinema ikusi, entzun eta hauteman’ izeneko saioa izango da, pertsona gorrei bideratutakoa. Jaialdia astebete iraungo du.

Sei herrialde ezberdinetako zazpi film labur izango dira bertan, eta Historian zehar munduko zeinu-hizkuntza ezberdinek zineman izan duten presentziari errepasoa egingo diote.

Saioa azaroaren 12an izango da, 12:00etan, Golem Alhondiga zinema-aretoetan , eta bertan hainbat generotako film laburrak erakutsiko dira, hala nola dokumentala, fikzioa, animazioa, bideoklipa edo zinema esperimentala. Lanak Erresuma Batutik, Brasildik, Alemaniatik, Herbehereetatik, Estatu Batuetatik eta Ukrainatik etorritakoak dira.

Saio berezi honen bidez, ZINEBIk, Euskal Gorrak Pertsona Gorren Elkarteen Euskal Federazioarekin lankidetzan, esperientzia filmiko sentsorial eta inklusibo baterako atea ireki nahi du, zinema-aretoaren iluntasunean berdindutako publiko mistoa bilduko duena.

Esperientzia inklusiboa

Saioa programatu duen Aitor Gametxo zinemagile bizkaitarraren hitzetan, zikloaren helburua “hizkuntzaren izaerari eta irudien sorkuntzari buruzko esperientzia sentsorial bat proposatzea da”, eta, aldi berean, munduko hainbat lekutan dauden zeinu-hizkuntzek eskaintzen dituzten aukerei buruzko hausnarketarako gonbita egitea. Horrela, “zinemaren funtsezko kontzeptuei dagokienez, egile bakoitzak hartutako erabakiak erakutsi nahi dira, hala nola iraupena, enkoadraketa, eszenaratzea, distantzia, mugimendua eta abar”.