2.510 lagun bildu ziren Irungo Ficoba erakustaretoan sei bertsolariak kantuan aditzera. Saio puntuagarria osatu ostean, Sustrai Colina izan zen finalaurrekoetako bigarren itzulirako zuzeneko txartela lortu duen bertsolaria.
Bertsolari Txapelketa Nagusiaren hirugarren finalaurrekoa jokatu zen Irunen, Ficoba erakustazokan. 2.510 bertsozale bildu ziren bertan saioa entzutera.
Zozketak ebatzitako ordenan sartu ziren bertsolariak aretora, Maialen Belarra Eneterreaga gai-emailearen atzetik: Ane Labaka Mayoz, Jone Uria Albizuri, Nerea Ibarzabal Salegi, Sustrai Colina Acordarrementeria, Maddalen Arzallus Antia eta Miren Artetxe Sarasola.
Ariketa guztiak egin ondoren Sustrai Colinak finalaurrekoen bigarren itzulirako zuzeneko txartela eskuratu zuen. Beraz, bigarren itzulian Baionan kantatuko du azaroaren 26an. Horrela geratu ziren puntuazioak: Sustrai Colina 710, Nerea Ibarzabal 673, Jone Uria 660,5, Miren Artetxe 644,5, Maddalen Arzallus 635 eta Ane Labaka 631,5.
Finalaurrekoen lehen itzulian egin beharreko lanak etzun ziren: binaka zortziko handian, txikian, puntutan eta seiko motzean; eta ganbarako lana, amaitzeko: “Kalean zoazela, haren ahotsa entzun duzu. Hunkitu egin zara.”
Epaile lanetan zazpikote hau aritu ziren ere, fase osoan bezala: Ainhoa Arregi Elosua, Bakarne Urreaga Etxeberria, Ekaitz Elorriaga Anduaga, Eneritz Azkue Basurko, Joseba Beltza Bengoetxea, Joseba Santxo Uriarte eta Maialen Berra Zubieta.