Joan den urriaren 28an Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen inaugurazio egunean eman zenetik, Paul Urkijoren Irati izan da ikusleen puntuazioen buru 8,43ko notarekin. Jaialdiak iraun duen 7 egunetan, Urkijoren bigarren film luzea borrokan mantendu da, eta, azkenean, edizio honetako sari nagusia lortu du, hau da, Publikoaren Saria. Hala jakinarazi du ostiral honetan Josemi Beltran Donostia Kulturako Zinema Unitateko zuzendariak, Victoria Eugeniako klub aretoan emandako prentsaurrekoan. Bertan, Asteak ematen dituen sarien palmaresa azaldu da.
Horrela, Urkijok historia egin du jaialdiak daraman 33 urteko ibilbidean, Ikusleen Saria -Edgar Wright britainiarrak ere bi aldiz irabazi zuen, 2021ean eta 2013an- birritan lortu duen lehen euskal zinemagilea izan baita. Izan ere, zinemagile arabarrak, lehiaketa honetan ohikoa eta oso maitatua, sari hori bera irabazi zuen 2017an, bere opera prima Errementari lanarekin, non, Iratin bezala, euskal mito ezagunenetako bat eguneratu zuen. Iratiren euskal estreinaldiak ikusmin handia sortu zuen eta datorren urteko otsailera arte ez da areto komertzialetan proiektatuko. Hori dela eta, Asteak pelikularen bigarren emanaldi bat programatu zuen ostiral arratsaldean Victoria Eugenian. Bi saioetarako sarrerak minutu gutxitan agortu ziren.