Labayru Fundazioak Busturiako bost ermiten egunerokotasuna aztertzen duen dokumentala kaleratu du

Labayru Fundazioak Busturiako bost ermiten egunerokotasuna aztertzen duen dokumentala kaleratu du. Ondarearen Europako Jardunaldien baitan gauzatu dute ‘Ermitak busturiarren alkargune eta aterpe’ izeneko ikus-entzunezkoa. Izan ere, familia-bizitzaren ardatza etxea izan den moduan, gizartearena auzoak izan dira, elkarri laguntasuna eta babesa emateko esparru, baita ermitak ere.

Testuinguru horretan auzotasunakeskubide eta betebehar batzuk ezartzen dizkio auzotarrari. Euskal Herriko auzunerik gehienek beren ermita propioa eduki ohi dute. Horietako askotan, gainera ez dakigu lehendabizi auzoa edo ermita izan ote zen.

Busturiako herritarrek erlazio estua aurkezten dute beren auzoko ermitekin. Hauexek garbitzeko edo zaharberritzeko izan, nahiz jai edo ospakizun anitzak egiterako izan, ermiten inguruan batu ohi izan dira busturiarrak auzolanean. Guzti honen inguruko hainbat testimonio biltzen dira ekoizpenean, herritarren ahotik zuzenean alde batetik, baita Alberto Santana historialari ospetsuaren bitartez ere.

Busturian bost ermita daude, Edurretako Ama Birjinarena Parezin, San Bartolome eta San Kristobal izen bereko auzoetan; Paduako San Antonio, Abiñan (lurrez Busturia baina elizaz Sukarrieta dena); eta Kurtzio, Axpen. Lehendabiziko laurak auzo-ermitak dira, eta beren artean hainbat desberdintasun edukita ere, eraikin txikiak dira, aladamenetan eraikita dauden baserriekin antzekotasun asko aurkezten dituztenak, alegia. Kurtzikokoa, aldiz, gurutz-tokia da, herrien sarreretan edota irteeretan eta bideen ondoan gurutze edo irudi bat egoten den leku elizkoia, hain zuzen ere.