Greziako eta Erromako literatura klasikoaz pentsatzen hasten garenean, ohiko izenak bururatzen zaizkigu: Safo kenduta (baina antologia honetan bildua), gizonezkoak denak. Emakumezkoek idatzitako literatura -espezifikoki, olerkigintza-, ostera, denboraren lainoek estalia geratu da, arlo akademikoan ikertzaileek miatu dituzten eskuizkribuetako testigantza bakan batzuk izan ezik.
Hutsune hori betetzera dator liburu hau, euskaraz gainera. Maite Lopez las Heras filologia klasikoan aditua da eta Safori buruzko liburu bat argitaratua du, hortaz, bere ezagupen eta esperientziaz baliatuz, poetandre horien obrak berreskuratzeko asmoa ematen du aditzera ale honekin. Garai haietako testuingurua hobeto ulertaraztearren, hitzaurre eta azalpen laburra paratu ditu bilduman egile bakoitzaren olerkiak aurkeztu aurretik. Guztira, 24 emakume, lau ataletan bereizita: garai arkaikoa, klasikoa, helenistikoa eta erromatarra.
Antzinaroko literatura klasikoaren moldeak jarraitu zituzten eta, hala, elegiak, esker ematekoak, dolukoak edo epigrama satirikoak daude liburuan. Halaber, gogoratu beharra dago aztarnen eskasiagatik ez direla idazlan luzeak. Gai nagusia maitasuna da, kasurik egiten ez duen maitalearekiko kexua, sexu grina edo tonu erotikoa kausitu ahal ditugularik. Ausardia eta originaltasuna igartzen dira poemetan. Izan ere, emakume sortzaileak, kulturadunak izan ziren, orduko gizarteak esleitu zien rol pasiboarekin konformatu ez zirenak, eta haien obraren balioaz jakitun zeuden. Ez da harritzekoa, beraz, idazle garaikideen goraipamenak jaso izana, hala nola, Martzialenak edo Ausoniorenak.
Kontua da zergatik isilarazi zituzten edo zergatik pairatu zuten, Lopez las Herasek aipatzen duen bezala, ‘damnatio memoriae’. Horregatik, estimagarria zaigu ahaztuak izan diren poetandre greziar eta latindarren ahotsak ezagutarazteko ahalegina.