Euskaltzaleen Topaguneak 2010ean sortu zuen Benito Ansola saria, euskal kultura zabaldu eta ikus-entzunezkoen ekoizle gazteei laguntza emateko asmoz. Orain zazpigarren edizioa jarri dute martxan Lekeitioko Euskal Zine Bilerak eta Euskaltzaleen Topaguneak. Bakarka nahiz taldeka aurkez daiteke, eta Euskal Herriko 18 urtetik 35era bitarteko gazteek har dezakete parte.
Ikus-entzunezko lanak (fikzio, sorkuntza, animazio nahiz dokumentalak) egiteko proiektuak aurkeztu daitezke, originalak, euskarazkoak eta inon argitaratu gabeak. Gutxienez bederatzi eta gehienez hemezortzi minutuko iraupena izan beharko dute, eta animaziozkoak badira, berriz, gutxienez hiru minutu eta gehienez hemezortzi.
Urtarrilaren 15era arte bidal daitezke lanak kultura@topagunea.eus helbidera. Parte-hartzaileen datuak, proiektuaren txostena, proiektuaren azala, ikus-entzunezkoaren gidoia, eskaleta edo storyboard-a, zuzendariaren memoria, aurrekontu justifikatua eta ekoizpen plana aurkeztu beharko dira.
Epaimahaikideak Maider Oleaga gidoilari eta zinema zuzendaria, eta Izaskun Urkijo arte zuzendaria izango dira. Proiektu guztiak aztertu eta hiru aukeratuko dituzte. Urtarrilaren 27an jakinaraziko zaie epaia parte-hartzaileei. Epaimahaiak hautatutako hiru lan finalistek, pitching saioa egingo dute otsailaren hasiera aldera proiektua epaileei aurkezteko. Epaimahaiak otsailaren 10ean jakinaraziko du zein izango den VII. Benito Ansola sariko irabazlea.
Lan irabazlearen egileak 2023ko Lekeitioko Euskal Zine bileran lanaren beraren eta garapenaren aurkezpena egingo du, material grafikoarekin, eta 2024an entregatuko du ikus-entzunezko amaitua.
Oinarriak hemen daude kontsultagai.