Zinema aretoetan dagoen “euskarazko eskaintza urria” dela eta, Zinuema egitasmoa sortu du UEMAk, Tinko Filmeak-ekin batera. UEMAko lehendakari den Iraitz Lazkanoren hitzetan, “azken ikerketek argi erakutsi dute euskarazko kultur kontsumoa erdarazkoen oso azpitik dagoela. Euskal Herri osoan gertatzen da hori, baita udalerri euskaldunetan ere. Gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoari buruz UEMAk argitaratutako ikerketak ere azalarazi du pantailetan erdarazko edukiak ikusten dituztela batez ere nerabeek, eta ikusten ari gara horrek eragin nabaria duela hizkuntza-ohituretan. UEMAren helburu nagusietako bat udalerri euskaldunetan euskaraz bizitzeko aukerak bermatzea da, eta Zinuema ekimena helburu horretarantz beste urrats bat egiteko sortu da”.
Euskarazko hamabi ikus-entzunezko, askotariko film eta dokumentalak, eskainiko dituzte azaro amaieratik otsailera bitarte, UEMAko lau udalerritan: Igorren, Etxarri-Aranatzen, Azpeitian eta Ataunen. Esperientzia pilotua izango da eta, ondo joaten bada, eskaintza zabaltzeko asmoa dute. Tinko Filmeak-eko Iñigo Arandiak azaldu duenez, “probatu nahi dugu egingarria izango ote litzatekeen etorkizun batean egitaraua eskala handiagora eramatea, herri eta batez ere aste gehiagoko eskaintza batera. Izan ere, gaur-gaurkoz ez da egingarria urte osoko programazio bat egitea euskarazko filmekin soilik; horregatik dira hainbat formatutako lanak, zinema areto batean euskaraz goza daitekeen ekitaldi kopurua handiagoa izan dadin”.
Lan hauek osatuko dute programazioa: Zure platerean hasten da mundua dokumentala, Izurde mutikoa animaziozko filma; Lupin III abenturazko film japoniarra; Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala; The Snow Queen animaziozko pelikula; Nire Zirkua; Fermin Muguruzaren Black is beltza II: Ainhoa; Gabi dokumentala; bost film laburrez osatutako Emakumeak film laburrean; Go!azen-enbederatzigarren denboraldiko azken kapituluaren aurrestreinaldia; eta Irabazi arte telesailaren bigarren denboraldiko lehen atalaren aurrestreinaldia.
Bonu sistema
Saio bakoitzeko sarrerez gain, bonu sistema ere izango da; hala, 20 euroren truke, hamar eduki malgutasunez ikusi ahal izango dira. Bonua erosten dutenek sarrera merkeagoa izango dute eguneko txartela erosten dutenek baino.
Ikusleen balorazioa, inkesta bidez
Emanaldien amaieran ikusleen iritzia jasotzeko balorazio-inkestak izango dira betetzeko: zein formatu gustatu zaien, sarrera merkea ala garestia iruditu zaien, errepikatuko luketen… Inkestak erantzuten dituztenen artean 55 hazbeteko wifi telebista bat zozkatuko da.