Euskadi Literatura sariak, Edurne Portela, Koro Navarro, Irati Jimenez eta Teresa Maldonadorentzat

Edurne Portela (Los ojos cerrados), Koro Navarro (Fiesta, Eguzkia jaikitzen da), Irati Jimenez (Begiak zabalduko zaizkizue) eta Teresa Maldonado (Hablemos claro) idazleek irabazi dituzte aurtengo Euskadi Literatura sariak, Gaztelaniazko Literatura, Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Saiakera Gaztelaniaz ataletan, hurrenez hurren, gaur iragarri dutenez.

Izen horiek joan den astean iragarritako irabazleenei batu zaizkie, honenbeste: Uxue Apaolaza, Leire Bilbao eta Maite Mutuberria, Euskarazko Literatura, Haur eta Gazte Literatura Euskaraz eta Ilustrazioa ataletan. Lehenengoz, emakumezkoak dira saria jasoko duten zazpi irabazleak.

Epaimahaiaren hitzetan, Edurne Portelaren Los ojos cerrados nobela koralak “kontatutakoaren eta kontatu gabekoaren arteko tentsioa sortzen duen ikuspuntu joko aberasgarria ezartzen du, eta orainaren eta iraganaren arteko elkarrizketa proposatzen du, erruari eta barkamenari buruz hausnartzeko”. Txani Rodriguezek, Javier Maurak, Aixa de la Cruzek, Jesus Camarerok eta Patricia Millanek osatu dute Gaztelaniazko Literaturako aurtengo epaimahaia.

Bestalde, Euskarazko Literatura Itzulpenaren kategoriako epaimahaiak (Aintzane Ibarzabal, Idoia Gillenea eta Idoia Santamaria) uste du Koro Navarrok erabaki egokiak hartu dituela jatorrizko testuaren indarra eta bizitasuna ez galtzeko. “Nabarmentzekoak dira elkarrizketen tonu egokia, erregistroa eta ahotsen txandakatzeak nola jaso dituen, eta bestelako pasarte narratibo eta deskriptiboen jarraipen erosoa, prosaren soiltasuna, zehaztasuna eta eraginkortasuna”.

Alexander Gurrutxagak, Ane Miren Larrinagak, Aitor Zuberogoitiak, Katixa Agirrek eta Xabier Aierdik erabaki dute Begiak zabalduko zaizkizue Irati Jimenezen lanak Euskadi Literatura saria jaso behar duela. “Hipotesi ausartak” proposatzen dituela azpimarratu dute eta, gaineratu dutenez, liburuaren tonuak literaturarekiko pasioa, maitasuna eta grina transmititzen ditu, eta estilo aldetik landua eta pertsonala da”.

Azkenik, Gaztelaniazko saiakerako epaimahairentzat (Mikel Reparaz, Iñigo Marauri, Mª Jesus Pando, Ainhoa Novo eta Javier Camarra) Teresa Maldonado “estilo bereziki zehatz eta argiarekin, gai konplexu eta polemiko bat modu zehatz eta errazean baina zehaztasunez heltzeko gai da, une oro jarrera neurtua eta azalpen-argitasuna erakutsiz, modu honetako eztabaidetan ohikoa ez dena”.

Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argiratzen bada.

Euskadi Literatura Sariak azaroaren 24an banatuko dituzte Donostiako Tabakalera Kultura Garaikideko Nazioarteko Zentroan.