LETREN ETA HITZEN LURRALDE BILAKATUKO DA ONDARROA LITERATUR AMUAK JAIALDIAREKIN

Urriaren 27an hasi eta azaroaren 1era bitartean, letren eta hitzen lurraldea izango da Ondarroa beste urte batez, Literatur Amuak jaialdiarekin. Sormena, ikuskizuna eta jolasa izango dira berben bueltan aritzeko bideak.

Urtero modura, Nanoipuin lehiaketarekin eta Augustin Zubikarai nobela bekarekin hasiko da jaialdia. Euskal Herri luze zabaleko idazleentzat urteroko hitzordu garrantzitsuak izan ohi dira biak, eta horren erakusle da azken urteetako lanen maila. Iazko Augustin Zubikarai beka irabazi zuen Mikel Alvarez Sarriegi idazleak bere proiektutik sortutako Euskalia eleberria aurkeztuko du: nobela beltzaren eta umore tonuaren artean mugitzen zen proiektua aurkeztu zuen Alvarezek, eta hortik dator orain bere lana.

Literatur Amuak jaialdiko ikuskizun jendetsuena Kantu bat gara emanaldia izango da, Beikozinan, Jon Maiaren eskutik. Ikuskizunerako sarrerak Beikozinan salduko dira, pertsonako lau gehienez, urriaren 21etik aurrera, 10 eurotan. Sarrerak erosi beharko dira Anita Maravillas konpainiaren Kotondarrak txotxongilo ikuskizunerako ere. Kasu horretan, sarrerek 2 euro balioko dituzte, eta horiek ere Beikozinako leihatilan eskuratu beharko dira, egun berdinetik aurrera.