Zinegin euskal zinemaldia laster hasiko da Hazparnen

Euskarazko lanak bakarrik erakusten dituen Zinegin euskal zinemaldia laster hasiko da Hazparnen. Zehazki, urriaren 20an martxan jarriko da eta 23an bukatu. Hamaikagarren edizioa izango da aurtengoa, eta fikzioko eta animaziozko film labur zein luzeez gain, dokumentalak ere ikusgai izango dira bertako Haritz Barne zinema-aretoan. Emanaldietara bertaratzeko 3 euro ordaindu beharko dira.

Dena den, bestelako jarduerak ere antolatu dituzte zinemaldiaren baitan, besteak beste, Mäirü eta aKts taldeen kontzertua, urriaren 21ean, 22.00etan; Lukas Hiriartek film laburrak nola muntatzen diren erakutsiko duen Mash Up tailerra, urriaren 22an, 09.00etan eta 12.00etan, eta azkenik, Peru Galbetek emango duen zinekontzertua, urriaren 23an, 21.00etan. Horrela, Hiriarteren tailerra doan izango da, eta gainerako bi ekintzetan parte hartzeko 3 euro ordaindu beharko dira.

Guztira, zortzi lan ikusteko aukera egongo da, hala nola, David Perez Sañudoren ‘Ane’ 2020. urtean estreinatutakoa), urriaren 20an, 20.00etan; ‘Amikuzeko ikastolak 50 urte’ dokumentala, urriaren 21ean, 19.00etan; Jon Mikel Fernandezen ‘Bi arnas’ (aurtengoa), urriaren 22an, 16.00etan; Amancay Gaztañaga, Erika Olaizola, Josu Martinez, Leire Egaña, Eñaut Castagnet eta Raúl Barrerasen ‘Bost teilatu’ (aurtengoa) film laburren bilduma, urriaren 22an, 18.00etan; oraindik zehazteko dagoen film satanikoa, urriaren 22an, 21.00etan; Juanjo Elordi eta Rishat Gilmetdinoven haurrentzako ‘Yoko eta lagunak’ animazio-lana (2015), urriaren 23an, 10.30ean; Xabier Erkiziaren ‘O gemer’ (2021), urriaren 23an, 15.00etan eta Marc Parramon eta Amets Arzallusen ‘Altsasu (gau hura)’ (2021), urriaren 23an, 17.00etan.

Informazio gehiago nahi izanez gero, Zinemaldiaren webgunean bertan eskura daiteke, hemen.