Corpore sano…

Kayaka piraguaren barietate bat da, nagusiki kirol erabilera duena. Hasieran, tripulatzaile bakarrekoak ziren ontziak, eta arrantzarako erabiltzen ziren. Ontzi horiek bilakatuz joan dira, eta eraginkorragoak eta maniobragarriagoak bihurtu dira. Erabiltzen duten propultsio-sistema nagusia pala bikoitzeko arraun bat da, kroskoan euskarririk behar ez duena.
1936an, Berlingo Olinpiar Jokoetan Kirol Olinpikoaren kategoria lortu zuen piraguismoak. Gaur egun, turismoa egiteko eta gure aisialdian txoko berriak ezagu­tzeko erabiltzen da, kirola egiteko aukera ematen duen bitartean. Kayaka eskimal jatorriko ontzi bat da, eta tripulatzaile kopurua bat, bi edo lau per­tsonakoa izan daiteke.

Kayak motak:

  1. Aisialdirako kayakak: ur lasaietan erabiltzen dira, eta oso egonkorrak eta gidatzeko errazak dira. Bi mota daude:

•Berez husten direnak edo irekiak: urpera ezinak dira, ura barruan pilatu ez dadin husteko sistema dutenak.
• Itxiak: tripulatzailea barruan eta estalki batekin joaten da; estalki horrek saihestu egiten du kayakean ura sartzea.


2. Itsasoko eta zeharkaldiko kayakak: aurrekoak bezala, ur lasaietan erabiltzen dira, eta itsasoan, zingiretan eta ibaietan nabigatzeko prestatuta daude. Karga-ahalmen handiagoa dute, eta egun bateko edo gehiagoko irteeretarako erabil daitezke.

3. Eslalomeko kayakak: diziplina olinpikoa da, eta kayak laburrak erabiltzen dira, ibai lasterretan maniobrak egiteko edo zirkuitu bat egiteko. Hainbat kayak mota daude: itzulipurdiak egiteko aukera ematen duten Rodeoko kayakak; Creekekoak ere maniobragarriak dira, baina bolumen handiagokoak, desnibel handiko ibaietan nabigatu ahal izateko; Eslalomekoak, modalitate olinpiko bati dagozkionak; eta Jaitsierakoak, jaisteko direnak eta azkarrenak direnak. Palista ontzian sartuta joan ohi da, eta estalkia erabili behar du ura sar ez dadin.


4. Itsasoko lehiaketako eta surf skiko kayakak: itsaso zabalean lehiatzeko pentsatutako ontziak dira, eta azkarrak eta behar bezain egonkorrak izan behar dute. Lehiaketa-modeloetarako, material arinak, erresistenteak eta zurrunak aukeratzen dira.

5. Lehiaketako kayakak: kategoria honetan sartzen dira pistakoak, maratoikoak eta kirol-ibaikoak. Errendimendu handia lortzeko diseinatutako ontziak dira. Luzeak eta oso estuak dira; ezegonkorrak dira.

6. Ur bizietako kayakak: ontzi azkarrak dira, korronte handien handien pean ibiltzeko gai direnak. Luzeak eta estuak dira, eta brankan eta popan forma bertikalak dituzte. Beira- eta karbono-zuntzezko materialak erabiltzen dira horiek eraikitzeko.

7.Polo-kayakak: ur bizikoen oso antzekoak dira, motzak eta krosko biribilekoak. Ontzi motelak dira.

8.Surf eta estilo libreko kayakak: piraguismoko modalitateetara egokitutako kayakak dira. Oso kayak laburrak dira, eta kroskoa ez da oso biribila. Diseinuak bolumen jakin bat izan ohi du flotazioaren gainetik, arraunlariaren aurrean edo atzean, flotagarritasuna hobetzeko.

9.Sit-on-top kayakak: arraunlaria kayakaren gainean eserita doa, eta ez da lehiaketarako erabiltzen, aisialdirako baizik. Polietilenoz egina dago, erresistentzia eta iraunkortasuna bermatzeko.

EKIPAMENDUA

Arrauna: Kayak guztiek pala bikoitzeko arraun bat daramate. Era askotakoak izan daitezke, kirol honetako modalitate bakoitzaren arabera. Gaur egun, arraun-diseinu horiek propultsio handiagoa bilatzen dute. Hainbat neurritakoak izan daitezke bai palak bai horiek lotzen dituen masta.

Eserlekuak: Kayak guztiek eserleku mugikorra edo finkoa eta ezaugarri desberdinetakoa daramate. Oinondokoak edo oin-euskarriak ere baditu, eta bietako batek erregulagarria izan behar du arraunlariari egokitzeko. Pista, ibai edo zeharkaldiko modeloek lema bat izan ohi dute. Aurtza ontziaren atzeko herenean dago, eta pedalen bidez kontrolatzen da. Modelo batzuek bela txiki bat sartzeko aukera dute.

Arropak: Arraunlariak inguruneari eta bertako klimari egokitutako arropa eraman behar du. Eguraldiaren arabera, arropa iragazgaitza edo termikoa eramatea gomendatzen da. Ur bizietan egiten bada, kaskoa, txalekoa eta neoprenozko jantzia ere erabili behar dira, txapinekin batera. Estalki bat ere erabiltzen da, ura kayakaren barrualdera sar ez dadin.

Kayakistaren berariazko 4 maniobra

Eskimotajea: Maniobra hau arraunlariak bakarrik egin dezake ontzian sartuta doanean, eta bertikaltasuna berreskuratzean datza, ustekabean irauli ondoren. Horretarako, palaz lagundu behar du, ur gainean palanka eginez. Maniobra hori ohikoa da ur bizietako kayaketan, surfeko nahiz itsasoko kayaketan.

Arrauna olatuz olatu: Maniobra hau arraunlarietako batek beste arraunlari batek sortutako olatua erabiltzen duenean egiten da. Horrek olatuaren nolabaiteko bultzada jasotzea ahalbidetzen du, eta aurrera egitea erresistentzia txikiagorekin. Aitzitik, olatua galtzen bada, kontrako efektua sortzen da, eta erresistentzia handiagoz egingo da aurrera.

Laguntza: Arraunlariak arrauna erabiltzen du oreka hobea lortzeko, abiadura murrizteko edo maniobra azkar bat egiteko. Euskarri horiek ur lasaietan zein ur bizietan erabiltzen dira.

Errepaleatzea: Maniobra hau ontzia propultsio-teknika baten bidez albora mugitzeko edo azkar biratzeko erabiltzen da. Errepaleatzeko hainbat aldaera daude. Modalitate bakoitzak bere maniobra espezifikoak ere baditu.