Annie Ernaux frantziar idazleak jasoko du aurtengo Literaturaren Nobel saria, “memoria pertsonalaren sustraiak, banatze-prozesua eta mugatze kolektiboa azaleratzeko erakusten dituen ausardiagatik eta zorroztasun klinikoagatik”.
Euskaraz ere aurki ditzakegu bere lan batzuk: Begira zenbat argi, maitea (itzultzailea: Xabier Aranburu), Emakume bat (itzultzailea: Itziar de Blas Fernandez de Gamarra), Gertakizuna, Lekua eta Pasio hutsa (hiru horiek Joseba Urteagak itzuli ditu).
Ernauxek fedea du “idazkeraren indar askatzailean”, eta bere obra “zorrotza” mintzaira “soil eta garbitasunera arte inausiaz” dago idatzita, Akademiako kideen hitzetan.
Epaimahaiaren arabera, Ernauxek modu sendoan eta hainbat ikuspegitatik aztertzen du “genero, hizkuntza eta klase mailan desberdintasun handiak erakusten dituen bizitza”, Euskarari Ekarriak webguneak jasotzen duenez.
1940an Normandian jaioa, Ernauxek 1974an argitaratu zuen bere lehen lana, Les armoires vides, baina La placek hauspotu zuen bere literatura ibilbidea.
Bere idazkerak esperientzia autobiografikoak ditu iturburu, eta fikzioa, soziologia eta historia uztartzen ditu bere familiako istorioak eta berari geratutakoak kontatzeko, hala nola abortua edo bularreko minbizia.
Idazleak adierazi du “ohore eta erantzukizun handia” dela saria jasotzea.
Gaur arte, sariaren 122 urteko historian, Suediako Akademiak 118 idazle saritu ditu (batzuetan ez dio saria inori eman, eta beste batzuetan, idazle bat baino gehiago saritu du), horietako 16 baino ez, emakumeak, eta guztien % 80, Europakoak edo Ipar Amerikakoak. Ingelesezko idazleek jaso dituzte sari gehien, 31k, frantsesezko eta alemanezkoen eta gaztelaniazkoen aurretik.