Emakume gutxi kaleen izenetan

Hegoaldeko hiriburuetako kaleen % 4,5ek soilik dauka emakume-izena. Estatuan, % 13k. Kaleen izendegia garrantzitsua da generoa ikusarazteko, eta emakumeak eremu horretan ere berdintasuna lortu behar dute.

Pablo de Olavide Unibertsitateko (UPO) Dolores Gutiérrez Mora eta Daniel Oto Peralías ikertzaileek Espainiako kale-izendegiak azken 20 urteetan izan duen genero-joera aztertzeko ikerketa bat egin dute. Environment and Planning B: Urban Analytics and City Science aldizkarian argitaratutako artikulu horrek agerian uzten du kaleen % 12,7k bakarrik daukala emakume izena.


Emaitzek adierazten dutenez, berdintasunerantz gutxi aurreratu da 2001etik, eta emakumeen kaleen ehunekoa hiru puntu soilik igo da. Kale berriak eta ospetsuak bakarrik kontuan hartuta, ehuneko hori nabarmen handiagoa da: 2015ean % 14,3, eta 2022an % 35,1. Hala ere, mantendu egiten da kaleak izendatzeko gizonen izenak emakumeenak baino gehiago erabiltzeko joera, bi-bat proportzioan.


Emakumeen kaleak periferikoagoak dira hirietako hiri-bilbearen barruan, eta ez dira hain ohikoak hiriguneetan. Emakumeen izena duten kaleen ehunekoa % 9,4tik % 14,6ra igo da erdialdean, udalerrietako eremu periferikoetan. Hiriguneetan gu­txiago egoteak esan nahi du biztanle guztientzako irismen txikiagoa duela, UPOk ohar batean azaldu duenez.

“Bilbok emakumeen izenak baino ez dizkie jarriko hiriko kale berriei”

Azterlanak erakusten du, halaber, lotura argia dagoela kale-izendegi feminizatuenen eta adierazle sozioekonomiko jakin ba­tzuen artean. Biztanle gehien, herri gazteenak, hezkuntza-maila handiena eta zerbitzu-sektore garrantzitsuena duten hiriek emakume gehiago dituzte kale-izendegian. Halaber, ikusten da korrelazioa dagoela emakumeen kaleen proportzioaren eta genero-berdintasunarekin lotutako zenbait aldagairen artean, hala nola genero-arrakala txikiagoa lan-jardueran, hezkuntzan eta etxeko lanetan.

Generoa duten hiriak” izeneko webguneak, Demetrio Carmona-Derqui ikertzailearekin batera garatutakoak, «Tour dinamiko» bat eskaintzen du, azterketa modu ez-teknikoan azaltzeko, bai eta grafiko interaktibo bat ere, 2001etik 2022ra udalerri bakoi­tzean emakumeen kaleen proportzioak izan duen bilakaera kontsultatzeko. Gainera, mapa bat dauka, hiri-toponimian genero-joera ikusteko, probintzia-mailatik udal-mailara. Webgune hori erakunde publiko eta pribatuen zerbitzura dagoen tresna erabilgarria izatea espero dute ikertzaileek, berdintasunaren dimentsio sinboliko horren jarraipena egiteko.

Hego Euskal Herriko hiriburuetako egoera ez da batere ona kaleetako izenei dagokienez, eta Estatuko hiriburuekin alderatzen badugu, benetan txarra da. Iruñean, kaleen % 10 inguruk du emakume izena. Donostian, proportzioak %6ra egiten du behera, Gasteizen % 4,5era, eta Bilbon % 3ra.
Zorionez, udalak neurriak har­tzen ari dira egoera hori zuzen­tzeko. Bilbok, esaterako, duela bi urte onartu zuen emakume izenak baino ez zizkiela jarriko hirian sortzen diren kale berriei. Baina, hala ere, egin beharreko bidea luzea da oraindik.