Gineako sexu-indarkeriaren biktimek babesa behar dute

Milioika emakumek bortxaketak eta abusuak jasaten dituzte planeta osoan. Eta garapen gutxiko estatuetan, biktimek ez dute sexu-erasoei aurre egiteko beharrezko laguntzarik. Bortxaketaz gain, estigmatizazioa ere pairatu behar izaten dute. Eta ezin dute justiziara jo. Hala, emakumeen aurkako indarkeriaren eredu kaltegarria betikotzen da.

Ginean, sexu-indarkeriaren biktimek estigmatizazio sozialari, mediku-arretarik ezari eta justizia lortzeko oztopo larriei aurre egin behar diete. Hala adierazten du Amnesty Internationalen eta Afrikako Eskualdeko Familiaren Plangintzarako Nazioarteko Federazioaren (IPPFAR, ingelesezko sigletan) txosten berri batek, Shame must change sides. Ensuring rights and justice for victims of sexual violence in Guinea izenekoak.


Bortxaketaren biktima izan direnei, agintari administratibo, judizial, tradizional eta erlijiosoei, osasun arloko profesionalei, kidego diplomatikoetako pertsonei eta gizarte zibileko ordezkariei egindako elkarrizketetan oinarrituta, txostenak Ginean bor­txaketaren biktimek arreta eraginkorra, auzitegiko medikuen azterketak eta laguntza psikologikoko zerbitzuak lortzeko eta justiziara iristeko dituzten oztopoak aztertzen ditu. Bizirik dirauten askorentzat, justiziak eskuraezina izaten jarraitzen du.


Agintariek sexu-indarkeriaren arazoari aurre egiteko ahaleginak egin dituzten arren, oraindik asko dago egiteko informazioari, prebentzioari, arretari eta justiziarako sarbideari dagokienez. 2021ean, Generoa, Haurtzaroa eta Morala Babesteko Bulegoak eta Kalteberak Babesteko Brigada Bereziak (BSPPV, frantsesez) 400 bortxaketa-kasu baino gehiago tratatu zituen, eta biktima gehienak adingabeak ziren, 13 urtetik beherakoak. Kanpoko erakundeek egindako txostenak, berriz, agerian uzten du bortxaketa-kasuen benetako zifrak, zalantzarik gabe, ofizialki azaldutakoak baino askoz handiagoak direla.

Estigmatizazio soziala
Sexu-indarkeriaren biktimak eta haien familiak gogor tratatzen dituzte beren komunitatean, gizarte-estigmatizazioko testuinguru orokor batean. Bortxatua izan zela esan zuen neskato baten amak bere alabak jasan zuen estigma kontatu zion Amnesty Internationali: “Ospitalera joan ginenean, medikuetako batek esan zuen: «Hau da bortxatu duten txikia». Horrek min ematen du. Edonora zoazela ere, jendeak seinalatu egiten du. Etxean itxita ematen du eguna. Ez da irteten, eta ia ez du hitz egiten jendearekin. Eskolara itzuli nahi du, baina ezinezkoa da”.

Agintariek ahalegin handiagoa egin beharko lukete sentsibilizazio- eta hezkuntza-kanpainak ezartzeko, emakumeak diskriminatzen dituzten eta haien aurkako indarkeria betikotzea errazagoa egiten duten jarrera sozial eta kulturalak gainditzeko. Kanpaina horiek zero tolerantziako jarrera sustatu beharko lukete emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean, genero-estereotipo kaltegarriak eta bortxaketarekin lotutako mitoak desmuntatuz, estigma ezabatuz eta erreparazioa eskatuz.