Tratu txarrak AEBetan asiloa eskatzen duten haitiarrei

2020an 224 migratzaile atzeman zituzten itsasoan, eta 605, 2021ean. Modu estraofizialean inguruko herrialdeetara itsasontzietan emigratzen saiatzen diren haitiarren kopurua izugarri handitu da. Zailtasun ekonomikoek, segurtasunik ezak eta iazko lurrikarak bizitza hobea izango dela uste dutenaren bila irtetera bultzatzen dituzte. Askok gehiegi kargatutako ontzietan bidaiatzen dute, Turkak eta Caikoak uharteetara eta Bahametara heltzeko asmoz. Handik, batzuk AEBetara bideratzen dira.
Baina han ez dira ongi hartuak.

Asiloa eskatzen duten haitiarrei atxiloketa arbitrarioa eta tratu txar diskriminatzaile eta umiliagarriak ezartzen dizkiete agintari estatubatuarrek, Amnesty Internationalek Ez gintuzten pertsona gisa tratatzen izeneko txostenean adierazi duenez. Giza eskubideen urraketa horiek, Estatu Batuetan ezagutzen den 42. titulua aplikatuz egindako kanporatze masiboekin batera, atxiloketa, bazterketa eta Estatu Batuetara segurtasun bila doazen pertsona haitiarrak uxa­tzeko praktiken historia luze baten kapitulu berriena dira. Pertsona beltzen diskriminazio sistemikoan errotuta daude praktika horiek.
Duela urtebete, Bidenen administrazioak gaitzetsi egin zituen argazki eta bideoetan jasotako Mugetako Patruilaren zaldizko agenteen eszena lotsagarriak, Texasko Del Rio hirian Haitiko asilo-eskatzaileak bortizki sakabanatzen ari zirenean. Hala eta guztiz ere, Ameriketako Estatu Batuen eta Mexikoren arteko mugan pertsona horiek nazioarteko babesa bilatzeko duten eskubidea mugatzen jarraitzen dute agintari estatubatuarrek, Erika Guevara Rosas Amnesty Internationaleko zuzendariak adierazi zuenez.

Halaber, esklabotzaren garai lotsagarriak gogora ekartzen jarraitzen dute, kanporatzeko hegaldietan haitiar beltzentzat girgiluak eta eskuburdinak erabiliz. Horrek buruko min eta sufrimendu handiagoa eragiten die, tortura baita, giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearen arabera. “Gure ikerketak arrazakeria sistemikoa AEBetako migrazio-sisteman txertatuta dagoela adierazten duten zantzu ugari ematen ditu, ikerketa honetarako elkarrizketatutako asilo-eskatzaile haitiarrek deskribatzen duten bezala”, adierazi du Erika Guevarak.

Txostenak erakusten duenez, hainbat gobernu estatubatuar saiatzen ari dira asiloa eskatzera doazen Haitiko pertsonak uxatzen, Estatu Batuetan, 1970eko hamarkadatik 2020an 42. titulua indarrean sartu zen arte, asiloa geldiarazteko, atxilotzeko eta kanporatzeko hainbat politikaren bidez.

COVIDaren aitzakia

Haitiko Amnesty Internationalek txosten honetarako elkarrizketatu zituen 24 pertsonak kanporatu egin zituzten, dirudienez, 42. titulua aplikatuta, 2021eko irailetik 2022ko urtarrilera bitartean. Horietako inork ez zuen aukerarik izan asilo-agintariek beren kasua banaka ebaluatzeko Haitira itzuli aurretik. Bildutako testigantzen arabera, agintari estatubatuarrek 9 eta 14 eguneko haurtxoak ere atxilotu dituzte, hainbat kasutan gurasoengandik bananduz. Egin­tza horiek nazioarteko zuzenbidea urratzen dute. Elkarrizketatutako haitiarrek adierazi dute, halaber, ezin izan dutela interpreterik, lagun­tza juridikorik edo atxiloketa-lekuari buruzko informaziorik jaso, ezta espetxeratzeko arrazoiei buruzko informaziorik ere, eta hori atxiloketa arbitrarioa da.

Gainera, Amnesty Internationalek elkarrizketatutako pertsona haitiarretako bati ere ez zitzaion egin COVID-19 gaitza detekta­tzeko proba. 42. tituluak aukera ematen du pertsona migratzaileei AEBetara sartzea debekatzeko, gaixotasunak sar baditzakete.