Sexualitate osasungarri batek funtsezko aurretiko urrats bat eskatzen du: norberaren gorputza onartzea, bere akatsekin, baina baita dituen bertute handiekin ere. Txiki-txikitatik iruditu izan zaigu auzokideak zeukana gurea baino hobea zela, eta akats hori gaztaroan errepikatzen da: gazte askok uste dute beren lagunak beraiek baino hobeto “hornituta” daudela edo gorputz erakargarriagoak dituztela. Errealitatea bestelakoa da. Eta telebistan edo filmetan ikusten ditugun ustezko gorputz perfektu eta txundigarri horiek fikzio hutsa dira gehienetan.
Eskultura-ereduen antza izan nahi duten neskak, edo atleta gihartsu baten gorputza izatearekin amets egiten duten mutilak. Badirudi inor ez dela konformatzen daukanarekin, eta denak korrika doaz gorputz beteginaren bila. Baina gorputz hori ez da existitzen.
Beraz, neska eta mutil askok sufritu egiten dute beren gorputz biluziak erakutsi behar dituztenean, batez ere bikotekidearen aurrean. Aitzakiak bilatzen dituzte edo trikimailuak erabiltzen dituzte beren fisionomiaren zati bat edo beste ezkutatzeko.
Zelulitisak, bularren tamainak edo sudurrak kezkatzen ditu gehien neskak. Mutilei, aldiz, zakilaren tamainak, muskulaturak, altuerak, alopeziak edo gorputzean ile gehiegi izateak kezkatzen ditu gehien. Ustezko akats fisiko horiek autoestimu txikia, beste pertsona batzuekin harremanak izateko zailtasuna eta depresioa eragin dezakete. Atsekabetzen gaituzten gure gorputzaren alderdiak aldatzen saia gaitezke, hala nola gehiegizko pisua, gehiegizko biloa… Baina beste batzuk ezin dira aldatu, eta geure burua onartzen eta maitatzen ikasi behar dugu.