Dupla Agurainen 2018ko amaieran sortutako rap musika taldea da. Gari Uriartek eta Beñat Oribek osatzen dute, eta txikitatik musika tresna bana jo dute. Biak ere Oppium taldeko kide izan ziren, baina haien benetako lotura DUPLAren jaiotzarekin heldu zen. Bi buru konektatu eta banaezinak dira, pertsona bakarra balira bezala, eta ekoizten duten musika desberdina da, askotarikoa. Beren doinuak pop, elektronika, rap eta euskal folklorearekin uztartzen dituzte. Lehen EPtik –txupatxus formatuan– nortasun atipikoa erakutsi ziguten, eta aurtengo apirilean Nahieran diskoa argitaratu dute. Abesti bakoitzak berezitasunak ditu, ezbairik ez horretan, baina, batez ere, jolastu egin dira disko hau egitean.
Euskal musikaren eszena goitik behera eraldatu duzue. Noiz jabetu zineten DUPLA proiektua arrakastaren bidean zegoela?
Ez dakigu noiz gertatu den hori, gertatu bada. Guri beti gustatu zaigu musika, baina egia da proiektua planteatzen genuenean gauzak ondo egin nahi genituela. Seriotasunez lan egin nahi genuen geure kabuz, gu gustura geratu eta noraino irits gintezkeen ikusteko. Ahalegin guztia pertsonalki egiten da, kanpoan gertatzen dena hain garrantzitsua izan gabe. Baina, azkenean, gustura eta gogoz egindako gauzak gustatu egiten zaizkio jendeari.
Pandemia baino lehentxeago, Folklore EPa sortu zenuten, eta arrakasta handia lortu zenuten. Munduari erakutsi diozue ondo dakizuela tradizioa eta hiria uztartzen. Zaila izan da emaitza hori lortzea?
Bai, pixka bat. Guk beti gurearen apologia egin nahi izan dugu inori kopiatu gabe; beraz, mundu guztiaren eraginak hartzen ditugu. Mugitzea, bidaiatzea eta ikustea gustatzen zaigu. Konturatu ginen ez dagoela ezer egiazkoagorik zurea egitea baino. Zertarako saiatu amerikar bat imitatzen, ez baduzu berdin egitea lortzen? Zuk hemen dituzu zure kokalekuak, zure hitz egiteko modua, zure paisaiak… Hortik jo nahi genuen, geuretik. Naturalena da defendatzen duguna, erraz eta ezer asmatu gabe ateratzen zaiguna.
Zuen azken albumaren ezaugarrietako bat estilo nahasketa da. Abesti bakoitza desberdina da: trap, pop, rap, elektronika, rock… Etiketarik ez izatea bilatzen duzue?
Gu Spotifyren garaian mugitzen gara, non egun berean bost musika genero entzun ditzakezun. Kantuan bizi gara, estiloan baino gehiago. Berdin entzuten duzu batxata bat edo tekno bat. Oso gure belaunaldikoa da, streaming plataformetan musika entzuten duten pertsonena. Gainera, gu ekoizleak gara eta entzuteko, eta, gutxi gorabehera, imitatzeko gaitasuna dugu; oso ondo uler dezakegu track horretan gertatzen ari dena, eta gurera eraman. Saiatu gara eta kito.
Abestiek esaten ziguten: «Aizue!, kantu hau honekin abestu behar duzue». Eta onartzen zuenean, estudiora joaten ginen.”
Beti esaten duzue abestiak azkar atera behar direla, eta, lortzen ez bada, baztertu egiten dira.
Egia da ekoizpenean eta konponketetan asko egin dezakezula, baina ideia on batek erraza izan behar du, eta, aldi berean, ondo landuta egon behar du. Ez du buelta gehiegi behar. Gero, xehetasun txikietan gelditu, eta bi urte pasa ditzakezu, baina oinarrizko ideia sentimendu batetik datorkizun kontzeptu bat da. Pum-pum bat, bidean gidatuko zaituen transmisio bat.
Gainera, album honetan kolaborazio asko eta oso onak dituzue: Juantxo Arakama, Tapia eta Leturia, Aguraingo aurreko belaunaldietako Txiki, Evaristo eta Kaotiko taldekoak, Pello Armendariz, Sara Zozaya, Zoo taldeko Panxo eta Xsakara.
Saiatu gara, bai. Hasieratik bagenekien nahi genuena miresten genuen jendearekin egin nahi genuela, baina ez genuen pentsatu zer abesti eta norekin. Gaiek esan ziguten: “Aizue!, kantu hau honekin abestu behar duzue”. Eta pertsona horri esan genion. Gero, onartzen zuenean, estudiora joaten ginen. Dena abestien inguruan egiten genuen.
Nahieran diskoan dituzuen kolaborazio bikainez gain, ba al da etorkizunean lan egin nahiko zenuketen artista gehiago?
Ba, tira, guk gehiago amesten dugu ekoizleekin elkarlanean aritzea, abeslariekin baino. Mixer on batekin kolaboratzeak abeslari batekin aritzea baino gehiago erakartzen gaitu, baina abeslariekin aritzeko aukera zokoratu gabe.
Orain, zuzenekoak ez dira agertoki baten gainean abestea bakarrik. Publikoak gero eta gehiago eskatzen du: ikuskizun bat, esperientzia paregabea bizitzea… Eta horrek irudimena asko lantzea eta teknologia pil-pilean erabiltzea eskatzen du, bereziki eszenatokira bi pertsona bakarrik igotzen zaretenean.
Bai, hala da. Guri jotzea gustatzen zaigu, beti jo izan dugu zuzenean, hori da gehien gustatzen zaiguna. Beraz, guretzat zuzeneko bat prestatzea ez da ahalegin handia. Gaiak prest baino prestatuago ditugu; beraz, zuzenean jardutea barruan daramagun energia eraldatzea bezalakoa da. Zuzenekoa ospatzeko modu bat da, ondo pasatzeko modu bat, jendeak gozatzeko modu bat. Erraz egiten dugu esperientzia atsegina izan dadin, eta ez zaigu askorik kostatzen.
EP, single eta disko gero eta txikiagoen garaian gaude. Ohikoena 6-7 gai dira, zuek 12 bota dituzue.
Bai, disko bat atera nahi genuen. Argi genuen 12 edo 14 gairen bila joango ginela hasieratik, eta horixe egin dugu.