Hilabete eskas geratzen da urriaren 31 heltzeko. Bati baino gehiagori Halloween ospakizuna etortzen zaie lehenik burura egun hura entzutean. Jai hori Euskal Herrira iritsi aurretik, ordea, bazen hemen ere ohitura urriko azken gaua ospatzeko: Gau Beltza edo Arimen Gaua. Herri eta elkarte ugari saiatu dira iraganeko festa hura gaur egunera ekartzen. Tartean, Euskaltzaleen Topagunea: «Gau Beltza gure-gurea den festa bat da», dio.
Gau Beltzaren atarian, unitate didaktiko bat osatu du topaguneak. Haur eta gazteei zuzenduta dago, eta jolasak, ginkanak, abestiak eta ipuin kontaketak biltzen ditu. Gaubeltza.eus webgunean dago eskuragarri nahi duen edonorentzat —horretaz gain, informazio gehiago ere bada atarian bertan: historia, testigantzak, dokumentala…—. Hezkuntza sareko eragileei ere helarazi zaie unitate didaktikoa, ikasturtean zehar gaia lantzeko aukera izan dezaten. Horren guztiaren helburua da jaiaren ezagueran sakontzea eta ikasleei hartan murgiltzeko tresnak eskaintzea.
2018an ekin zion Euskaltzaleen Topaguneak euskal tradizio hura berreskuratzeko lanari. Iraganekoa bere horretan berreskuratzea baino, gaurko ikuspegiko «aukerak» aprobetxatzea da egitasmoaren helburua, hura indarberritu eta suspertzeko: «Ospakizunaren berrinterpretazioa edo birsortzea ari da izaten».