Oraindik Arabako Gazteriaren Foru Erakundea ezagutzen ez duten gazteentzat, zer da eta zer egiten da bertan?
Gazteriaren Foru Erakundea Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailari atxikitako organo bat da, non Arabako gazteriaren-tzako jarduerak eta programak kudeatzen ditugun. Aisialdiko kanpainak antolatzen ditugu, baita ikastetxeentzako programak ere. Gainera, gazteen arloko informazio-gunea izan nahi dugu, eta gazteekin lan egiten duten erakundeei lagundu, asoziazionismoa sustatuz eta haur eta gazteentzako programetan tokiko erakundeei lagunduz.
“Gazteengana hurbiltzen saiatuko gara, haien tresna berberak erabiliz”
Zer-nolako harrera izan du uda honetan “Gazte bidaiak” ekimenak? Gazteak gogotsu zeuden?
Gazte Bidaiak programa guztiz funtzionala da beti. Programa honetan eskaintzen ditugun gazte-bidaiak aukera paregabea dira beste leku batzuetako gazteekin bizi eta esperientziak trukatzeko eta kirol, turismo eta kultur jardueretan parte hartzeko. Gazte Bidaiaken jasotzen ditugun adinak 14 eta 17 urte bitartekoak dira, eta askorentzat beste komunitate batzuetako eta familia-ingurunetik kanpoko nerabeekin izandako lehen esperientzia da. Beraz, abentura handia da haientzat.
Eta bai. Gazteak pozik zeuden autobusera igo eta norako desberdinetarako bidea hartzeko, are gehiago, aurten, azkenean, pandemia kontrolpean izateak eman digun normaltasunetik antolatu ditugunean bidaiak. Haiek badakite bidaia horietan dibertsioa ziurtatuta dagoela, aldez aurretik beraientzat prestatzen ditugun jarduera ugari dituztelako.
Gure teknikariek egunero egiten dute lan gazteekin, eta badakite zer bilatzen duten eta zer gustatzen zaien; urtero jarduera ludikoak prestatzen dituzte, baina baita hezkuntzakoak ere. Jarduerak gune naturaletan egiten dira, eta euren adineko jendearekin; urte osoko ohiko betebeharretatik urrun egoten dira, gainera; horrenbestez, haien aldartea hobea da, eta oso esperientzia positiboak bizitzen dituzte. Pozten gara tresna hau gazteei eta haien familiei emateaz. Positiboa da bientzat.
Gaur egun, zabalik duzue gazteentzako berrikuntza-proiektuetarako dirulaguntzen deialdia. Zertan datza?
Betiere gazteei beren proiektuetan laguntzen saiatuz –askotan, berritzaileak edo ikerketakoak diren proiektuak–, norgehiagoka-deialdi bat martxan jartzeko ideia bururatu zitzaigun, aurreko urteetan aurkeztu zizkiguten proiektu horiek modu arautuan ordaindu ahal izateko, ea laguntza eman genezakeen ikusteko. Ez dezagun ahaztu haiek ideia freskoak dituztela eta ikerketarako eta ikasketetarako gogoa dutela. Eta guk haien ondoan egon behar dugu. 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta, hemendik, animatu nahi ditut, 2022an esku-hartze, ikerketa edo berrikuntzako proiektu landuren bat badute, aurkeztera.
Beste urte batzuekin alderatuta, ikasleentzako beka-eskaerak ugaritu egin al dira aurten?
Jakina. Aurreko bi urteekiko bai. Pandemiaren ondorioz, gazteei zuzendutako elkarteek urtean jarduera gutxiago egin zituzten murrizketengatik; ezin izan ziren begiraleentzako prestakuntza-ikastaroak egin, eta kanpamentuak, udalekuak eta udaleku ibiltariak edukiera txikiarekin egin ziren. Horri esker, ez ziren laguntza kopuru berak eskatu, jarduerak ez zirelako egin edo jarduerak laburtu zirelako. Alabaina, normaltasuna itzuli da gure gizartera, eta, horrekin batera, erakundeek berriro ere jarduerak antolatzen dituzte eta gure laguntzak eskatzen dituzte.
Bestalde, Arabatik kanpora joaten diren ikasle gazteek joan-etorrietarako laguntzak eskatzen jarraitzen dute. Gero eta eskaera gehiago ditugu, elkarri deialdi horien berri ematen diotelako.
Gazteriaren Foru Institututik hainbat sentsibilizazio-kanpaina sustatzen dituzue, hala nola genero-indarkeriaren, eskola-jazarpenaren eta ziberbullying-aren aurka. Zergatik dira garrantzitsuak halako sentsibilizazio-kanpainak?
Ikasgeletan edo gazte-taldeetan gertatzen diren jokabide gu-txiesgarri guztiak desagerrarazi behar ditugu, beste batzuekiko kalteberatasun-egoeran dauden pertsonen sufrimendua dakartelako.
Eta, zalantzarik gabe, emakumeen aurkako indarkeria edo jazarpena desagerrarazi behar dugu.Eta oinarritik heziz egin behar dugu. Zenbaitetan sibilinoak diren eta oinordetzan jaso ditugun jokabideen normaltasunaren barruan dauden hitzezko eraso eta/edo eraso fisiko guztiak detektatzen irakatsiz gazteei.
Baina ez bakarrik adinekoen artean. Joan den ikasturtean, familiengana ere iritsi gara. Jakin dezaten beren seme-alabek familia-ingurunetik kanpo edo, ba-tzuetan, familian bertan zer jasan dezaketen.
Zer erronka ditu Gazteriaren Foru Erakundeak ikasturte honetarako?
Gazteak, etorkizuna ez ezik, gizartearen oraina ere badira, eta oso urte gogorrak bizi izan dituzte. Hemen eta orain aukerak nahi, behar eta merezi dituzte. Eta guk haien erronka eta mugarrietan lagundu behar diegu. Haurrei zuzendutako jarduerak egiten jarraituko dugu, sentsibilizazio-kanpainak, prestakuntzak babestuko ditugu, gazteentzako proiektuak diruz lagunduko ditugu, eta, batez ere, haiengana hurbiltzen saiatuko gara, haien tresna berberak erabiliz: sare sozialak, app-ak eta teknologia.