Erasmus, ametsa amesgaizto bihurtzen denean

Erasmus programa batean parte hartu duen edozein ikasleri bere esperientziaz galdetzen badiozu, ia ziur, % 99k baino gehiagok eran­tzungo dizute esperientzia bikaina, zoragarria, errepikaezina eta ahaztezina izan dela. Europako Esparru Ekonomikoko estatu kideen artean ikasleen eta unibertsitarioen mugikortasuna errazteko sortu zuen Europako Batzordeak Erasmus programa, eta aurten 35 urte bete ditu.
Erasmus Programan parte har­tzea onura eta abantaila ugari dituen esperientzia da. Beste herrialde bat, bertako kultura eta hizkuntza ezagutzea eta eguneroko arazoak eta gorabeherak norberak konpontzeko gai izatea etorkizunean gure garapen pertsonalean eta profesionalean laguntzen digun esperientzia da. Baina, zer gertatzen da idealizatu zenuen guztia amesgaizto bihurtzen denean eta zure irismenetik kanpo dauden egoerei aurre egin behar diezunean?
Euskal ikasleak Italian
Erasmuseko hamarnaka ikasle euskaldunek egunak daramatzate Italiako hainbat hiritan noraezean, bizitzeko lekurik ez daukatelako. Horietako batzuek tren geltokietan edo furgonetetan egin behar dute lo, ez baitute ostaturik aurkitzen. Egoera hori herrialdeko hainbat hiritan ari da gertatzen, eta arazo nazional bihurtu da. Horrela, Ferrara hirian, unibertsitateak atera ohi dituenak baino 3.000 plaza gehiago eskaini ditu, eta, horren ondorioz, ikasle askok ez dute ostaturik aurkitu. Horrenbestez, hainbat gaztek hiriko tren-geltokian lo egin behar izan dute. Arazo hori bera dute Pavian, han dauden 200 Erasmus gazteetatik erdiak pisurik gabe baitaude. Horri gehitu behar zaio ostatu guztiak okupatuta daudela, eta hoteleko logela baten prezioa jasanezina dela. Ikasle askok diote Italiako egoera erabateko kaosa dela, eta, beraz, horietako asko aztertzen ari dira beren unibertsitate-garaiko esperientziarik onenetako bat izan behar zuena bertan behera utzi, eta jatorrizko lekuetara itzultzea.
Ikasleek ostaturik ez aurki­tzeko arrazoi nagusietako bat da pisuen jabe gehienei ez zaizkiela gustatzen Erasmus ikasleak, ikasle horietako askok estigma bat dakartelako, Erasmus programa hau etxebizitzetako jaiekin, txikizioekin eta bizitokiak ondo ez zaintzearekin lotzeko joera dagoelako. Horri gehitu behar zaio gazte horiek urtebeteko iraupena duten alokairu-kontratuak bilatzen dituztela, eta hori beste oztopo bat da ostatu bat aurkitzeko orduan.
Estatuan oso antzeko kasua gertatzen ari da: Madril, Granada, Salamanca, Bartzelona eta halako hiri handietara iristen diren Erasmus ikasleek ostatu hartzeko arazo larriak dituzte, Italian gertatzen ari den bezala. Egoera horren arrazoietako bat da Erasmusen arrakasta handiaren ondorioz unibertsitate asko programa horretan sartu direla, baina, hala ere, beti ez dira modu berean handitzen hirietako ostatu-eskaintzak. Horri guztiari alokairuen garestitzea gehitzen bazaio, emai­tza egoera kaotikoa da.
Internet bidezko iruzurrak
Iruzur-kasuen kopurua bikoiztu egin da azken urteotan. Erasmus garaian bizitzeko pisu baten alokairua kontratatzea, iristea eta dena iruzur bat izan dela konturatzea gerta daiteke. Iruzurgileen modus operandia oso antzekoa da, eta aurretik pentsatutako patroi batzuei jarraitzen diete.
Sare sozialen eta webguneen bidez, Europako Erasmus ikasleen programan sartzen dira iruzurgileak. Atzerriko ikasleekin harremanetan jartzen direnean, higiezinen zerbitzuak eskaintzen dizkiete, eta, horretarako, fidantza bat eta alokairuko hilabete bat edo bi aurreratzea eskatzen diete. Ikasleak helmugara iristen direnean, ikusten dute alokatu beharreko etxea ez zela existitzen edo aurretik beste ikasle batzuei alokatuta zegoela. Egoera horren aurrean, ikaslea babesgabe sentitzen da, herrialde ezezagun batean, atzerriko hizkuntza batekin, eta egoera frustragarri eta estresagarri bati aurre egin behar dio.