Euskarazko zenbait film ikusgai izango dira Santurtzine jaialdian

Euskarazko zenbait film ikusgai izango dira Santurtzin izango den Santurtzine zinema jaialdian. Zehazki, urriaren 6tik 22ra bitartean izango da Santurtzin, eta lau sailetan banatuko dituzte sariak, besteak beste, Estatuko sailean, Santurtzikoa sailean, EITB-Euskal Pantailak sailean, eta Ibiltariak-Amnesty International sailean.

Jaialdiaren hamargarren edizioa izango da aurtengoa. Berez, nazioarteko film labur eta luzeen jaialdia da, eta 2013. urtean abian jarri zuten. Filmez gain, Ramon Barea aktorearen masterclass bat ere izango da, urriaren 7an, 19.00etan, gaztelaniaz, Santurtziko Casa Torre jauregian, eta sorkuntza tailerra, hurrengo egunean, Oriol Jauregian, gaztelaniaz ere bai.

Euskarazko filmei dagokienez, Santurtzikoa sailean, Ania Olivares eta María Ortegaren ‘Udako haizea’ filmak lehiatuko du (urriaren 20an, 19.00etatik aurrera, arrantzaleen kofradian) eta EITB- Euskal Pantailak sailean, hiru film izango dira, besteak beste, Nagore Muriel Letamendiaren ‘Erro bi’ (urriaren 6an, 19.00etatik aurrera, Bilboko Itsasmuseum museoan), Aitor Oñederraren ‘Ur azpian lore’ (urriaren 16an, 18.00etatik aurrera, Oriol jauregian) eta Mikel Uralderen ‘Hormak’ (urriaren 20an, 19.00etatik aurrera, arrantzaleen kofradian). Gainerako sailetan ez da euskarazko filmik lehiatuko.

Deialdira 526 lan aurkeztu dira, eta horietatik, 50 ikusgai izango dira lehen aipatutako lau atal horietan banatuta. Bestalde, guztira, 4.000 euro banatuko dira sarietan. Jaialdiak badu bere sari berezia ere bai, Serantes saria hain zuzen, eta aurten, Itziar Ituño aktore eta abeslariari emango diote, bere ibilbide luzearengatik eta euskal zinemari emandako bultzadarengatik, euskarazko zenbait film ezagunetan parte hartu baitu, hala nola, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren ‘Loreak’ filmean, Paul Urkijoren ‘Errementari’ filmean, Imanol Rayoren ‘Hil kanpaiak’ filmean eta Igor Legarretaren ‘Ilargi guztiak’ filmean.