Zabalik dago Gaztea Maketa Lehiaketan izena emateko epea

Aurtengoa 31. edizioa izango da. Izena emateko epea irailaren 19tik urriaren 26ra bitarte egongo da zabalik. Abestiak jasota, maketa onenaren alde bozkatzeko aukera izango da webgunean.

rrati denboraldi berriarekin batera, bueltan da Gaztea Maketa Lehiaketa. Euskal Herriko musikari hasiberri onenen bilaketari ekingo diogu hogeita hamaikagarrenez. Irailaren 19an ireki dugu abestiak aurkezteko epea, eta urriaren 26an itxi.

Nola parte hartu?

Edonork har dezake parte Maketa Lehiaketan, musika estilo eta hizkuntza mugarik gabe. Bete beharreko baldintza bakarra honakoa da: aurkeztutako bakarlari edo taldeak diskoetxe batekin ere kontraturik ez izatea. Hona lehiaketaren oinarriak.

Talde edo bakarlari bakoitzak hiru abesti (gehienez) bidali beharko ditu. Gero, Maketa Lehiaketaren webgunean dagoen formularioa bete beharko dute, musikarien inguruko datuak gehituta. Nahitaezkoa izango da dokumentu hori betetzea.

Epeak

Maketak aurkezteko epea irailaren 19an hasi eta urriaren 26an bukatuko da.

Ondoren, webguneko bozketa fasea jarriko da martxan, azaroaren 14tik 21era. Bertatik aterako da finalera igaroko den lehen talde edo bakarlaria, eta epaimahaikideen esku geldituko da beste finalisten hautaketa.

Azkenik, final handian jakingo dira irabazleen izenak. Aurten, Gasteizeko Jimmy Jazz aretoan izango da, abenduaren 1ean.

Sariak

Maketa Lehiaketaren finalera iristen diren musikariek hiru sari eskuratzeko aukera izango dute.

Alde batetik, Epaimahaiaren Saria: 5.000 euro eta 2023ko Bilbao BBK Liven jotzeko aukera. Epaimahaikideek finaleko zuzeneko emanaldian erabakiko dute nori emango dioten lehiaketako sari potoloa.

Bestetik, Gazte BizHitza Saria (entzuleen saria): 2.500 euro. Sari hau Gazteako ikus-entzuleek erabakiko dute, webguneko bozketan.

Azkenik, iaz estreinakoz emandako Harrobia Saria eskuratu ahal izango dute partaideek. Irabazleak Oso Polita diskoetxearekin lau abestiko EP bat grabatzeko aukera izango du.