Arabako Foru Aldundiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Henrike Knörr sarietarako deialdi berria egin dute, euskararen erabilera helburu duten ikerlanak bultzatzeko eta sustatzeko, Araba aztergunetzat hartuta, dela lurralde osoa, dela eskualde edo eremu bat. Aurreko edizioan saritutako Mikel Perez eta Iker Ondartza ondoan zituela, Lexuri Ugarte Arabako Aldundiko Euskararen eta Gobernu Irekiaren zuzendariak azaldu du aurtengo deialdian lehentasuna emango zaiela master amaierako proiektuei, baina ikerketako edo gradu amaierako proiektu monografikoak ere onartuko direla, ondorengo tesiak sustatzeko, betiere ikerketa gai nagusia euskararen erabilera bada, edozein jakintza arlotik aztertuta.
Ugartek gogorarazi du Arabako Foru Aldundiak Araban Euskara Sustatzeko 2010-2022 aldirako Plan Estrategikoa duela, nagusiki euskal hiztunak eta euskal hiztunen sareak aktibatzeko eta lurralde historikoan euskaraz bizi ahal izateko aukera bermatzeko baldintzak sortzen jarraitzeko.
Deialdiaren aurkezpenean, EHUko Gasteizko Letren Fakultateko katedraduna izan zen Henrike Knörren familiaren bideo bat proiektatu da; hain zuzen, haren izena baitaramate Arabako Foru Aldundiaren eta EHUren deialdi bateratuko sariek. “Foru erakundeak hainbat urte daramatza euskal hiztunak eta euskal hiztunen sareak aktibatzen eta lurraldean euskaraz bizitzeko aukerak bermatzeko baldintzak sortzen laguntzen.
Helburu hori lortzeko, EHUrekin lankidetzan aritzea erabaki dugu berriz ere, Henrike Knörr sariak berriz ere deitzeko eta euskararen erabilerari buruzko ikerketa lan monografikoak eta master amaierako eta gradu amaierako lanen proiektuak sustatzeko deialdi berri bat aurten ere argitaratzeko”, azaldu du. Halaber, “erronka eraikitzaile bat” izateaz gain, sariak “omenaldi xume bat” ere izan nahi direla gaineratu du: “Euskara babesteaz gain, sari hauek omenaldia ere badute, EHUko Gasteizko Letren Fakultateko katedradun izandakoaren oroigarri bat”.
Bi sari banatuko dira, eta eskabideak aurkezteko epea azaroaren 15ean amaituko da. Sari bakoitzak 2.000 euroko zuzkidura izango du gehienez ere. Proposamenak deialdian agertzen diren irizpideen arabera balioztatu eta puntuatuko dira: proiektuaren xedea eta interesa, Araban euskararen erabilera normalizatzeko egiten duten ekarpena, ebaluazio orokorra, garapen maila, bideragarritasuna, curriculum vitaea eta ikasketa espedientea eta master amaierako lana.
Lehenengo edizioan, beka bana eman zitzaizkien Mikel Perezi eta Iker Ondartzari; Gasteizko gazte elebidunen hizkuntzen erabilera eta Arabako dialektoa aztertzeko baliatu baitzuten aldundiaren laguntza, hurrenez hurren.