Asteburu honetan izango dira Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehenengo saioak

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia hastear da, eta datorren asteburuan izango dira lehenengo bi saioak, Getxon eta Arrasaten, Bertsozale Elkarteak jakitera eman duenez. Hain zuzen ere, larunbatean, irailaren 24an, Getxoko Muxikebarri zentroan izango da lehenengo saioa, eta biharamunean, hilaren 25an, bigarren egingo da Arrasateko Amaia antzokian. Bi saioak 17:00etan hasiko dira.

Agin Laburu, Eneko Lazkoz, Nerea Elustondo, Oihana Bartra, Peru Abarrategi eta Unai Mendizabal ariko dira bertsotan Getxon, eta gai emailea Imanol Artola ‘Felix’ izango da. Arrasateko saioan, berriz, Gorka Pagonabarraga, Iñaki Apalategi, Joanes Illarregi, Miren Amuriza, Saioa Alkaiza eta Xabier Silveira ariko dira kantuan, eta saioa aurkezten Ander Aranburu ibiliko da. Txapelketaren lehenengo fasean hurrengo epaile talde hau ariko da lanean: Egoitz Iradier, Eneko Bidegain, Jurgi Fuentes, Karlos Ibarguren, Leire Beloki, Miriam Juaristi eta Saioa Mitxelena.

Asteburuko bi saioetarako sarrerak oraindik lor daitezke www.bertsosarrerak.eus atarian; bestela, saioaren egunean bertan leihatila 15:00etan zabalduko da. Saioa hasi baino orduerdi lehenago zabalduko dira ateak, 16:30ean. Sarrerak zenbakitu gabeak dira, eta, beraz, garaiz ibiltzea gomendatzen da.