Euskararen Etxeak “Liburuaren arbola” erakusketa ibiltaria hasi du

Bilboko San Inazio auzoan kokatutako Euskararen Etxeak ‘Liburuaren arbola’ erakusketa ibiltaria antolatu du, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailarekin lankidetzan, eta Portugaleten, Ondarroan, Getxon, Zornotzan eta Gernikan ikusi ahal izango da irail honetan hasi eta 2023ko martxora arte.

Gorka Arrese editoreak apailatu du erakusketa, eta hitzaldi bana eskainiko du udalerriotan. Erakusketa astearte honetan aurkeztu dute Portugaleteko Gazte Gelan, bertan egingo baitu lehen geldialdia. Bada, agerraldian azaldu dutenez, erakusketak liburuaren izaera azalduko du: hizkia, idazketa, diseinua, inprimaketa. Bisitariak ezagutuko du hizkiek nolako anatomia daukaten, testuek nolako formak hartzen dituzten, liburuak zein parte dauzkan eta nola izendatzen diren euskaraz.

Hain zuzen, liburua berez zer den ezagutzea, ulertzea eta bere garrantzia azpimarratzea; liburuaren zati nagusiak identifikatzea (letraren anatomia, testuaren fisiologia eta liburuaren biologia); liburuan parte hartzen duten eragileak aztertzea (idazlea, editorea, irakurlea, inprimategia), eta euskal literaturara eta liburugintzara gerturatzea dira erakusketaren helburuak. Portugaleteko Gazte Gela urriaren 11ra arte egongo da ikusgai, Ondarroako Kofradia Zaharrean urriaren 20tik azaroren 10era, Getxoko Punta Begoñako Areto Nagusian azaroaren 17tik abenduaren 9ra, Zornotzako Zelaieta Zentroan abenduaren 19tik urtarrilaren 9ra eta Gernikako Euskal Herria Museoan otsailaren 7tik martxoaren 5era. Erakusketaren paratzaileari dagokionez, Gorka Arrese (1965, Zarautz) kazetaria eta argitaratzailea da.

Argia, Egin, Euskaldunon Egunkaria eta Berria agerkarietan lan egin du, eta 30 urtez Susa argitaletxeko editorea izan da, 1988tik 2018ra arte. Euskal idazle askoren lehenbiziko liburuak argitaratu ditu, hala nola Harkaitz Cano, Eider Rodriguez, Kirmen Uribe, Jon Alonso, Miren Agur Meabe, Lutxo Egia, Igor Estankona, Jon Benito, Leire Bilbao, Iñigo Astiz, Jule Goikoetxea eta Beñat Sarasolarena. Literaturaren historiari buruzko perspektiba osoago bat izaten lagundu dio Armiarma.eus ataria osatzen jarduteak.