Bueltan da “BAD” Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdia

Bilboko Udalak antolatutako BAD antzerki eta dantza garaikidearen Jaialdiaren 24. edizioa urriaren 13tik 23ra ospatuko da eta abangoardiako arte eszenikoen proposamenak eskainiko ditu. Orotara 16 konpainiak parte hartuko dute, horietatik zazpi Euskal Herrikoak. Antolakuntzak jakinarazi duenez, erabateko sei estreinaldi, Estatu mailako bi eta erkidego mailako beste sei izango dira “pandemiaren ondoren programazioan nazioarteko ekoizpenen kopuruak gora egingo duen edizioan”.

Horrela, Metrokoadroka Sormen Laborategiak konpainiak hasiko du egitaraua, ‘Zeozertan dabil baina ez dakit zertan’ lanaren aurrestreinaldiarekin. Gainera, Eszenabide 2021ek saritutako Vulnera Teatro taldearen ‘Lo que no se ve’ eta BilbaoEszenaren 2021eko Erresidentziako Artisten beka duen Itziar Maneroren ‘Memoria’ lehen aldiz ikusi ahalko dira.

Aitor Zabaletak sortutako Ertza antzerki eta dantza konpainiak ‘Otempodiz’ estreinatuko du aretoetan, Espainiak Mozambiken duen enbaxadarekin elkarlanean sortutako lana. Ikuskizunarekin batera, 2021eko amaieran Afrika hego-ekialdeko herrialdean lana sortzeko prozesua jasotzen duen dokumental laburraren estreinaldia ere eskainiko du.

Societat Doctor Alonso (‘Contrakant’), Sandra Gómez (‘Bailar al sonido’), Cris Blanco, Jorge Dutor eta Guillem Mont Le Palol (‘Lo pequeño’), Aves Migratorias de Madrid (‘El Águila’), Olga Cirq_Analogique (‘Long Play’), Utopisistas (‘I’ll be back’) eta Sleepwalk Collective (‘Psychodrama’) dira BADen izango diren beste talde batzuk. Egitarau osoa datozen asteetan jakinaraziko da.