Deiadar Mendien Eguna ospatuko da larunbat honetan Gorbeian

Deiadar Mendien Egunaren 17. edizioa ospatuko da larunbatean, irailaren 24an, Gorbeian, pandemiaren ondorioz azken bi aldiak bertan behera gelditu ondoren, Bizkaiko Batzar Nagusiek tradizioa berreskuratu baitute. Kondairak dio adarraren soinuak iragartzen zuela Gernikan egiten ziren Batzar Nagusietarako deia.

Tradizioa 2004an hasi zan ospatzen, Bizkaiko Batzar Nagusien aro berriaren 25. urteurrena zela eta. Bada, Bizkaioko Batzar Nagusietatik jakinarazi dutenez, tradizioari eutsiz, aurten ere lurraldeko bost mendi talderen laguntzarekin gauzatuko da ohitura: Balmaseda Mendi Taldea (Balmaseda), Gailurra (Bilbo), Ganzabal (Lemoa), Sollube 707 (Bermeo) eta Alpino Tabira (Durango). Aurten Gorbeiaren txanda da, aurreko urteetan egin baitira beste lau deiadar mendietarako igoerak (Ganekogorta, Kolitza, Sollube eta Oiz).

Martxea 09:30ean abiatuko da Pagomakurretik, eta parte hartzaileak Gorbeiako tontorrera igoko dira, sei kilometroko igoeraren ostean, 12:00etan, adarrak joteko ohitura beteteko. Egunerako apropos egindako adarra erabiliko da, urtero deiadar tontor batetik bestera eramaten dena. Aurton, Kurutzearen ondoan adarren soinua entzun ostean, antolatzaileek jaigune txiki bat jarriko dute Arrabako aterpean, eta ez dira faltako musika, dantzak eta igoera egin dutenentzako kopatxo bat.

Aurtongo kirol igoeraz Lemoako Ganzabal kluba arduratuko da. Ekitaldiaren bukaeran, ohiturak agintzen duen moduan, hurrengo urteko antolatzaileari emango zaio lekukoa, Balmaseda Mendi Taldeko ordezkariari, hain zuzen, talde horri baitagokio 2023an Kolitzarako igoera antolatzea, deiadar mendien igoeraren bost gailurren katea osatuz.