Euskaraz praktikatu nahi baduzu AEK-k abiatu dituen saioetan parte hartu ezazu

AEKren Praktikatu zerbitzuak abian du 2022-2023ko ikasturterako kanpaina, ‘Praktikatu euskara gurekin’ lelopean, eta, hala, urriaren aurreneko egunetan hasiko dira martxan Euskal Herriko leku askotan berbalagun, mintzakide eta mintzalagun taldeak, lagun giroan elkartu eta euskaraz aurrez aurre jarduteko. Sareko saioak, berriz, azaroan hasiko dira. Dagoeneko doan eman daiteke izena talde mota guztietarako, euskaltegietan, udal euskara zerbitzuetan zein Praktikatu zerbitzuaren www.praktikatu.eus atarian, AEK-ko iturriek jakitera eman dutenez.

Praktikatu hazten ari den egitasmoa da: gaur egun, Euskal Herriko 76 herritan antolatzen ditu mintzapraktika saioak, eta 300 ekintza baino gehiago burutzen dira urtean, tartean, mintzodromoak. Ikasturte honetan kopuru horiek handitu egingo dira, lehendik egiten direnez gain, hiru proiektu berri jarriko direlako martxan: Zangozan (Nafarroa), Igorren (Bizkaia) eta Pasaian (Gipuzkoa). Hitanoa lantzeko Hiketalagun proiektuak, berriz, jarraipena izango du Durangaldean (Bizkaia), Arriben (Nafarroa) eta Urola Kostan (Gipuzkoa), eta elkarri hika hitz egiteko talde berrien sorrera ere sustatuko da, besteak beste, Usurbilen eta Lea-Artibain.

Familientzako Gurasolagun taldeetan ere segituko dute jolasak, txangoak eta tailerrak egiten, helduek eta haurrek euskaraz batera aritzeko aukera izan dezaten. Aurtengo udazkenean, gainera, Euskaraldiaren hirugarren edizioaren atarian, Praktikatu zerbitzuaren proiektuek esanahi berezia hartuko dute, mintzataldeak euskaraz bizitzeko aukera ematen duten arigune naturalak baitira, hau da, une oro euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen duten guneak. Izan ere, ohiko taldeez gain, eta euskararen transmisioa sendotzeari begira, Praktikatu egitasmoak euskarazko harreman sare berriak sustatzen ditu ekintza osagarrien bidez, hala nola, asteburuko egonaldiak, barnetegi ibiltariak edota zaletasunen (natura, kirola eta kultura) araberako interes taldeak antolatuta.