Beldur Barik lehiaketaren 13. edizioari ekin diote Sestaon, Libe Beitia tiktokerrak eta Julen Portillo eduki sortzaileak dinamizatu duten aurkezpen ekitaldian. Bertan, Izaro abeslari eta musikariak lehiaketan parte hartzera eta “Beldur Barik jarrera” zabaltzera animatu ditu gazteak bideo baten bitartez. Izan ere, Izaroren ‘Libre’ izango baita aurtengo edizioaren abestia. Abenduaren 2an Sestaon ospatuko den topaketan, gainera, bere abestiak zuzenean entzuteko aukera izango dute bertaratzen diren gazteek.
Beldur Barik lehiaketak gazteen artean indarkeria sexista eta matxista prebenitzea du helburu. Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako Sailak Emakunderen bitartez gidatzen du, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien eta Eudelen babesa eta laguntza du. 12 eta 20 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute eta lanak aurkezteko epea azaroaren 11an bukatuko da.
Lehiaketak indarkeria matxistaren aurka jarrera eraldatzaileak islatzen dituzten adierazpen artistikoak sarituko ditu. Lan horiek erakutsi behar dute neska eta mutilek nola egiten dieten aurre ezberdintasun egoerei Beldur Barik jarrerarekin; alegia, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkarkidetza eta indarkeria matxista eta sexistaren bazterketa irmoa adierazten dituzten jarrerekin. Mutilek indarkeria matxistaren aurrean duten zereginean eta erantzukizunean ere jartzen da indarra eta mutilekin lantzeko baliabideak eskaintzen dira. Parte hartzeko hiru kategoria daude: 12-14 urtekoentzat, 15-17 urtekoentzat eta 18-20 urtekoentzat.
Lehiaketan bakarka edo taldeka aurkezteko aukera dago. Hala, ikastetxe, gazteleku, aisialdi talde, elkarte edota emakumeen etxeen bitartez aurkeztu ahal dute gazteek beren lana, baita beren kabuz ere. Lehiaketaren oinarriak programako webgunean aurkitu ahal dira, testu ze bideo formatuetan.
SARIAK
Kategoria bakoitzeko 400 euroko saria eta 200 euroko aipamen berezi bana emango dira. Gainera, herri bozketaren bitartez 300 euroko parte hartze saria emango da, baita ikus-entzunezko ekoizpen onenarentzako 300 euroko saria. Kalitate artistikoaren lan onenaren saria eta herri bozketan boto gehien lortu duen lanari ere saria emango zaio.
Iaz Agurain izan zen bezala, aurten Sestao izango da “Beldur Barik herria”. Bertan ospatuko da abenduaren 2an Beldur Barik Topaketa eta bertan banatuko dira sariak. Gainera, Izarok zuzenean parte hartuko du bertan. Beldur Barik programak sare sozialak erabiltzen ditu Beldur Barik jarrera gazteei helarazteko, batez ere Instagram eta Tik Tok, eta, aurreko urteetan bezala, gazte euskaldun feminista ‘influencer’ ezberdinek kolaborazioak egingo dituzte horietan. Sortutako eduki eta interakzioarekin, hausnarketa eta eztabaida prozesuak ireki nahi dira, jarrera eta jokabide sexisten eraldaketarako espazio positibo eta erreferenteak sortuz.