Jaurlaritzak 103 milioi bideratuko ditu euskaltegien finantziaziora

Eusko Jaurlaritzak 103 milioi euro bideratuko ditu euskaltegien finantzaketara 2022-2025 epealdian, eta diru kopuru horretako zatirik handiena, 90 milioi euro, euskaltegi pribatuetako irakasleen lan baldintzak hobetzera bideratuko da.

Horrela jakinarazi du asteazken honetan Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, 2022-2023ko ikasturteko euskaltegien matrikulazio kanpainaren aurkezpenean, Donostiako Ilazki euskaltegian. Zupiriarekin batera, Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran, Ilazki euskaltegiko zuzendari Agurtzane Goñi, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundietako, Bilbo, Donostia eta Gasteizko udaletako, Eudeleko, UEMAko eta euskaltegietako ordezkariak eta ikasleak egon dira.

‘Euskara Musu-Truk’ lemapean egingo da aurtengo kanpaina eta asteazken honetatik aurrera interesa duen edonork eman dezake izena. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 103 euskaltegi daude (39 udal euskaltegiak eta 64 pribatuak), eta aurreko ikasturtean 33.185 ikaslek eman zuten izena. 2022-2023koa covid-19aren aurkako neurririk gabeko ikasturtea izango da, eta, normaltasunera bueltatzearekin, pandemiaren ondorioz galdutako ikasleak berreskuratzea da euskaltegien helburua, besteak beste. Horretarako, matrikulazioaren doakotasuna sustatzen jarraituko du Jaurlaritzak eta, B2 mailara arteko doakotasunaz gain, C1 gainditzen duten 30 urtera arteko gazteek aukera izango dute matrikularen balioa berreskuratzeko.

Bestalde, legealdi honetako konpromisoari erantzunez, Jaurlaritzak euskaltegi pribatuetako eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetako irakasleen lan baldintzak hobetzearen alde egingo du, eta 90 milioi euroko inbertsioa aurreikusi du datozen hiru ikasturteetarako (2022-2023, 2023-2024 eta 2024-2025). Euskaltegi pribatuetako irakasleen lan baldintzak hobetzea eta udal euskaltegietako irakasleekin dagoen aldea gutxitzea da helburua.

64 zentrotako (58 euskaltegi pribatu eta 6 autoikaskuntza zentro homologatu) 25.697 ikasleri eta 1.005 irakasleri eragingo die hobekuntzak. Urtez urte %7 inguru igoko da finantziazioa euskaltegi pribatuetan, eta datozen hiru urteetarako inbertsioa honela zehaztu da: 2022-2023ko ikasturtean 29.410.000 euro, 2023-2024koan 31.652.000 euro eta 2024-2025ekoan 33.893.000 euro. Bestalde, euskaltegi publikoetan aurreko urteetako inbertsioa mantenduko da eta 12,7 milioi eurorekin finantzatuko dira EAEn dauden 39 udal euskaltegiak.

DOAKOTASUNA

Bestalde, ikasturte honetan euskara ikasteko doakotasunean beste pausu bat emango da eta, B2 mailara bitarteko doakotasuna sustatzeaz gain, C1 gainditzen duten 30 urtera arteko gazteek aukera izango dute matrikula doan izateko.

Doakotasuna lortzeko beharrezkoa izango da maila horiek gainditzea, eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 3,7 milioi euro bideratuko ditu doakotasuna sustatzera, aurreko ikasturtean baino 600.000 euro gehiago. 2022-2023ko ikasturtean normaltasuna berreskuratzea izango da euskaltegien helburuetako bat. Aurreko bi ikasturteak covid-19ak baldintzatutakoak izan dira eta, osasun neurri bereziak hartu behar izan diren arren, euskaltegien jarduera normaltasunez burutu ahal izan da beharrezkoak ziren osasun neurriak hartuz eta protokoloak betez.

Ikasturte berrian normaltasuna itzuliko da ikasgeletara eta ez da edozein herritarrek jarraitu beharko dituen neurriez gain bestelakorik hartu behar izaterik. 2021-2022ko ikasturtean 33.185 ikasle egon dira EAEko euskaltegietan izena emanda. %65,2 emakumezkoak izan dira, eta ikasleen bataz besteko adina 37 urte da. 9.654 ikaslek C1 maila gainditzeko eman zuten izena, eta 7.342k B2 maila gainditzeko. Ikasleen %77,24k eskola presentzialen alde egin zuen, %3,4k erdi presentzialaren alde eta %19,37k autoikaskuntza aukeratu zuen.