Nafarroak eta Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmena sinatu dute

Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak berritu egin dute 2022rako bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena. Helburua da euskararen garapena, azterketa eta ikerketa normalizatzea eta horretan laguntzea.

Nafarroako Gobernuak, Euskarabidea Institutuaren bitartez, Euskaltzaindiak garatuko dituen zenbait proiektu eta lan lagunduko ditu diruz, hala nola Joakin Lizarragaren lexikoa ikertzeko proiektuaren emaitzak argitaratzea, XXVI. Jagon Jardunaldietan azaldutako lanak argitaratzea (Euskara Nafarroako hezkuntzan. Egoera eta aukera berria) eta Onomastika Batzordera edo Euskaltzaindiaren Nafarroako Ordezkaritzara iristen diren txostenak egitea eta eskaerak izapidetzea.

Gainera, Etxauribar osatzen duten udalei oikonimiari buruzko aholkularitza ematea eta Euskaltzaindiaren 2022ko ikerketa-programetan parte hartzea (Euskaltzaindiaren Hiztegia, Orotariko Euskal Hiztegia, Euskal Corpus Onomastikoa, eta Euskara Batuaren Ortotipografia) ere lagunduko ditu Nafarroako Gobernuak. Horretarako 190.000 euro jarri ditu.

Andres Urrutiak nabarmendu du Euskaltzaindiak dituen helburuak betetzeko “ezinbesteko tresna” dela Nafarroako Gobernuarekin sinatutako hitzarmena, “nafarrenzako egitasmo propioak bultzatzen lagunduko diguna”.