Hi(ZKI)bridoak egitarauaren edizio berria irailaren 22an hasiko da

‘Hi(ZKI)bridoak. Literatura Mutanteak’ kultur zikloaren hirugarren edizioa hasiko da irailaren 22an, eta lau ekitaldia eskainiko ditu azarora bitarte. Aurten leku aldaketa izango da, Euskararen Etxean egingo diren obrak tarteko, eta ikuskizunak Bilboko Berreginen Museoan izango dira, doako sarrerarekin, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Horrekin batera, aurten, euskarazko kultur ekitaldien sorkuntzarako Hi(ZKI)bridoak laguntzaren bigarren deialdia abiatu dute irailean. Laguntzak 3.000 euroko saria bideratuko du 2023ko Hi(ZKI)bridoak zikloan estreinatuko den ekitaldi bat garatzeko. Antolatzaileen arabera, Hi(zki)bridoak literaturaren eta ahozkotasunaren arteko “mutazioak” dira, “letrak, soinuak, bertsoak eta irudiak eraldatzen dituzten ekitaldiak”. “Emaitza literatura mutanteak dira, zentzu zabalenean”, adierazi dute. Bada, irailaren 22an hasiko da aurtengo egitaraua, 19:00etan, Ana Galarragaren eta Pettiren ‘Frankenstein agurgarria’ ekitaldiarekin.

Urriaren 6an, Itziar Ugarteren ‘Gu gabe ere’ liburuaren “eszena gaineko hedatze bat” izango da, egilearen beraren eta Mikele Landa Eigurenen eskutik, eta liburuko poemei ikus-entzunezkoak gehituko dizkiete. Urriaren 26an, ‘Trinitatearen misterioak’ bertso saio literarioa eskainiko dute Miren Agur Meabek, Miren Amurizak eta Ane Labakak. Hiruren “lur partekatuak” arakatuko dituzte, narrazioak eta bertso jarriak zein bat-batekoak tartekatuz.

Azkenik, azaroaren 10ean bukatuko da aurtengo Hi(ZKI)bridoak kultur egitaraua, irakurketa dramatizatua, erritmoa, esan nahi dena eta esateko modua, poesia, musika, gorputz adierazpena eta performancea uztartzen dituen Mejillon Tigreren ‘Hitz Esana’ ikuskizunarekin (egitasmo honek jaso du 2021eko Hi(ZKI)bridoak laguntza).