Aurtengo Torrealdai beka deialdian izena emateko epea zabalik urriaren 24ra arte

Usurbilgo Udalak eta Jakin Fundazioak Joan Mari Torrealdai zenaren izenean beka deialdi bat hasi dute aurten. Torrealdai Bekaren lehen ediziorako gaia zera da: “Euskara eta kultura gaurko eta biharko gizartean”. Urriaren 24ra arte dago zabalik proiektuak aurkezteko epea, eta aukeratzen den proiektuak 14.000 euro jasoko ditu lana egiteko.

Joan Mari Torrealdai Beka sortu dute kultura ikerketak eta egitasmoak sustatzeko helburuarekin, bereziki, Torrealdaik berak jorratu zituen esparru nagusietan. Lau urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute bi Jakinek eta Usurbilgo Udalak, eta bi urtean behin egingo dute deialdia: lehenengo urtea ikerketa gauzatzeko izango da, eta bigarrena, lana gizarteratzeko.

Aurtengo lehen edizioko bekaren gaia hau izango da: “Euskara eta kultura gaurko eta biharko gizartean”. Bekaren aurkezpenean azaldu zutenez, Torrealdaik, bere obran, kultura garaikidearen inguruan egin izan zuen gogoetaren izpiritua ekarri nahi du bekak: garaiko egoerak aztertu eta etorkizunerako bideak planteatu. Ildo horretan kokatzen da bekaren gaia: “Gaur egun euskarazko kulturaren askotariko arloetan dauden ze eztabaidetatik, ze esperientzietatik atera daitezke etorkizunerako irakaspenak? Non daude etorkizun desiragarriago baten aztarnak gaur egungo euskal kulturan? Edo, alderantziz, nolakoa imajinatzen da gaur egun etorkizuneko euskal kultura desiragarri bat?”.

Bekaren bidez egindako gogoeten edo ikerketen emaitzak askotariko formak izan ditzake: liburua, ikus-entzunezkoa, webgunea, erakusketa… Banaka edo taldean parte hartu daiteke, eskakizunak jmtbeka@jakin.eus helbidera bidalita. Proposamenak bidaltzeko azken eguna urriaren 24a izango da, eta erabakia azaro amaieran jakinaraziko dute.

Proiektuak baloratzeko hainbat irizpide finkatu dituzte: proiektuaren originaltasuna, ikerketak gizartean izan dezakeen eragina edo interes soziala, proiektuaren egingarritasuna, zehaztasun eta egokitasun maila eta proiektuak genero-berdintasuna sustatzea.

Bekaren irabazleak 14.000 euro jasoko ditu lana egiteko, eta 18 hilabeteko epea izango du lanaren emaitza antolatzaileei helarazteko.